[Elkarrizketa] «Izugarri inpaktatu zidan hain baztertuak daudela jakiteak»
Etxalarko 10 urteko neska gor-mutu batekin komunikatu ahal izateko bertako 45 lagun zeinu hizkuntza bimodala ikasten ari dira. Ikasleen artean, Bortzirietako herrian bizi den Beñat Virto hondarribiarra dago.
Zeinu hizkuntza ikasten ari zarete Etxalarko (Nafarroa) 45 bizilagunek, zergatik?
Badago herrian neska bat Ainara izenekoa gor-mutua dena. Inork ezin zuen berarekin komunikatu bere gelako lauzpabost haur eta familia kenduta. Badirudi guraso elkarteak ideia on bat izan duela, eta ikastaro hau martxan jartzea erabaki du. Iragarki bat ikusi nuen, eta buruz izena eman nuen. Hilabete pare bat egon nintzen itxoiten, eta ez zela aterako pentsatu nuen. Bat-batean, hala ere, zenbat ginen bidali zidaten, eta 45 lagunek izena eman genuen. Hiru talde egin dituzte: bi haurrenak, eta bestea, helduena. Ordubeteko eskolak dira, eta ikasten ari garen sistemari bimodala esaten zaio, zeinuak eta ahoa erabiltzen direlako. Ahoak laguntzen du.
Nola ikusten duzu zure burua eskoletan?
Oso kañeroa da. Ni oso motibatua nago; aurkitu dut gauza bat izugarria niretzako. Lehenengo ikasten duzuna alfabetoa da, eskuekin, eta hor hasten da dena konplikatzen. Adibidez, zure burua nola aurkeztu ikasten duzu, zure izena, non bizi zaren, adina, entzulea edo gorra zaren… Asko lantzen dugu klasearen aurrera ateratzea eta gure burua aurkeztea.
Sistema bimodalean ahoak zeinuak laguntzen ditu?
Bai, zeinuak egiten dituzun bitartean ahoa mugituz zoaz ere, normal hitz egingo bazenu bezala. Hiru hilabeteko ikastaroa da, eta abenduaren 18an bukatuko dugu. Guri kostatzen zaigu, egia esan. Nahiko lan dugu eskuekin, ahoarekin hasteko. Baina hortxe goaz, saiatzen gara, nahiz eta eskuekin egiten dugun gehienbat.
Gor-mutua izateari musukoa gehitzen zaio Ainarari, ez?
Bai. Gainera kontuan izan eskolan ezin direla musuko gardenak erabili; askoz ere gehiago zaildu zaio egunerokoa.
Txikitatik bere ikaskideak izan direnekin errazago komunikatzen da?
Bai, bai, zalantzarik gabe. Gainera, oso integratua dago herrian, baina errealitatea da ez duzula inoiz berarekin sakontzen. Nik bera agurtzen dut eta kaixo esaten diogu elkarri, baina berak ez daki nire izena ez ezer. Behintzat honek berarekin komunikatzeko aukera ematen digu. Eta jakin badakit jende asko ikastarotik kanpo geratu dela ez zegoelako lekurik denentzat. Jende askok izena eman du.
Herritarren inplikazioa ekarri du iniziatibak.
Bai, nik izena eman nuen aurretik ere atentzioa eman zidalako. Nire kuadrillako lagun batek hori ikasi zuen, eta duela 20 urte edo gehiago, behin, bere irakaslearekin etorri zen parrandan eta harrituta geratu nintzen. Gu denak garrasika ari ginen ezin elkar ulertu, eta beraiek zeinu bitartez arazorik gabe hitz egiten zuten. Deigarria egin zitzaidan, eta geroztik hainbat buelta eman dizkiot. Egun on esaten ikasi nuen, eta hor geratu nintzen, baina aukera ikusi nuenean niretzako zela pentsatu nuen.
Nolakoak izaten dira eskolak?
Hein handi batean jokoen bitartez ikasten dugu. Partxis eta Antzarraren jokoa ditugu, eta dena zeinu hizkuntzaren bitartez egin behar dugu. Etxeko lanak ditugu, eta larunbatetik larunbatera ikasi behar ditugu gauzak. Gero hori dena praktikan jartzen dugu.
Gurasoen taldeak nola darama ikasketa prozesua?
Oso ongi, barrez lehertzen gara, eta esango nuke umeek ere barre egiten dutela. Ia inork ez du hutsik egiten eskoletara. Gero, kontuan izan behar duzu erraza ematen duen arren, bere zailtasunak dituela. Beti kontuan izan behar da eskua zein aldetara jarri eta zein esku erabili. Eskuina baldin bazara, dena eskuinarekin espresatu behar duzu. Ispilu baten antzera funtzionatzen du.
Gor-mutuen integrazioan benetan laguntzeko irakasgai bat izan beharko luke ikastetxeetan?
Bai, baina ez dakit behar adina irakasle ote dagoen. Lehenengo klase egunean azaldu ziguten zenbateko bazterkeria pairatzen duten; oso-oso baztertuak daude. Gor-mutuek gida dezakete? Bai noski, kristoren ikusmen ona dute. Edozein lan egiteko gai ere dira, baina inork ez die lanik ematen. Esaten zigun irakasleak zortea baldin badute telebistan gor-mutuen hizkuntzan hitz egiten agertzen den itzultzaile hori izatera iritsi daitezkeela, eta bestela, gor-mutuen elkarteetan bukatzen dutela lanean.
Pentsa, familia bazkariak, txisteak ere ezin dituzte entzun, eta musika, bakarrik bibrazioak sumatzen dituzte! Izugarri inpaktatu zidan, egia esan, hain baztertuak daudela jakiteak.
Iniziatiba polita da abiatutakoa.
Bai, egia esan bai, eta gurasoak harro egongo direla pentsatzen dut. Neska txiki batengatik hainbeste jende mugitzea izugarria da. Nik ez dut harremanik berarekin, baina egia da kuriositatea nuela ikasteko. Argi dago, orain ez gara joango ikastaroan gauden 45ak berari txapa ematera, baina aukera duzunean harekin komunikatu ahal izatea, edo zerbait behar badu guk ulertzea zer den ere, kristorena da. Azkenean guk alfabetoa ikasi dugu eta horrek pilo bat lagunduko du.