Herri maputxeari elkartasuna adieraziko diote Irunen
Wallmapu Euskal Herria elkarteak jakinarazi duenez, gazte maputxe bat tiroz hil eta beste bat larri zauritu dute Puelmapun, zibilez jantzitako bi gizonek.
Elias Garay gazte maputxea tiroz hil eta Gonzalo Cabrera zauritu zituzten zibilez jantzitako bi gizonek joan den azaroaren 19an Puelmapun, Argentinaren baitako lurraldean. Heriotza hori salatu eta herri maputxeari elkartasuna adierazteko Wallmapu-Euskal Herria elkarteak elkarretaratzera deitu du biharko, 19:30ean, San Juan plazan.
Elias Garay Lof Quemquemtrew komunitateko kidea zen, eta joan den irailetik lurrak berreskuratzen ari dira inguru horretan. Wallmapu Euskal Herria elkartetik jakinarazi dutenez, 55 egun baino gehiago daramatzate beraien arbasoen lurraldean erresistentzian. Ingurua poliziaz inguratuta dagoela gaineratu du, eta ez diotela inori sartzen uzten ezta janari edo arroparen bila ere. “Bat batean, bi gizon armatuk sartzea lortu dute, komunitatekoak tirokatu dituzte eta handik ospa egitea lortu dute polizia ezertaz ohartu gabe… Benetan bitxia!”, salatu du elkarteak.
Hilketa horren atzean, Herri Maputxearen kontra Argentinako Estatuaren “estrategia terrorista” dagoela iritzi dio Wallmapu-Euskal Herriak. Zentzu horretan irtengo dira bihar, Wallmapun egiten ari diren “sarraskia” salatzera.