Lan eta pentsio erreforma "kaltegarriagoa" izango dela salatzeko atera dira kalera
San Juan plazan elkartu dira Oarso Bidasoko Sindikatu ezberdinak deituta, Espainiako Parlamentuan lantzen ari diren erreformen harira: "Hemen erabaki nahi dugu, hemen lan egiten dugulako".
ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek deituta “lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde” kalera irten dira. Goizean Hego Euskal Herriko hiriburuetan elkartu dira eta Adrian Arruti LAB Oarso Bidasoko ordezkariak honakoa nabarmendu du: “Gaurkoa ez da greba eguna, borroka eguna da”.
Maiatzetik hona LAB Sindikatuak greba orokorra “halabeharrez” antolatu beharko zutela esan izana oroitu du: “Ikusita Estatu espainolaren menpe gaudela erreformak egin nahi dituztelako, bereziki Hego Euskal Herrian”. Espainiako Gobernuak proposatzen duen lan erreforma “kaltegarriagoa” izango dela adierazi du.
Orain inoiz baino garrantzitsuagoa da kalera irtetea “lan erreformaren unea iristear” dagoela uste dutelako. Ordutik, LABen aldarrikapena “lan erreformak bertan behera” geratu behar duela izan da, eta berriz ere “langileei eta sektoreko hitzarmenei” garrantzia eman behar zaiela defenditu dute: “Hemen erabaki nahi dugu, hemen lan egiten dugulako”.
Bat egin du Jon Urkola ELA Sindikatuko Oarso Bidasoko ordezkariak esanez “momentu gakoa” dela gaur egungoa “etorkizun hurbil batean lan eta pentsio erreformekin zer gertatuko den erabakitzen ari direlako Espainiako Parlamentuan”. Mezua garbia dela azaldu du, “esan nahi diegu hemengo politikariei murrizketak ezin dituztela onartu” eta horregatik gizarte zibila mugitu dutela defendatu du, “kontu plurala” delako.
Pentsioen defentsan ere irten dira, izan ere, berriz ere erretreta hartzeko gutxiengo adina eta kotizazio urte kopurua handitu egingo dela azaldu du Arrutik. Gainera, gutxiengo soldatan bermerik ez dela egongo dio: “Ez da inolaz ere bermatzen 1.080 euroko gutxieneko pentsiorik, ezta genero arrakala gainditzen ere”. Beheranzko joera bat dagoela ere uste du LABek: “Pentsio sistema publikotik, pentsio sistema pribatura pasatzerakoa”.
Europako funtsak lortzeko “lan erreforma eta pentsioen erreforma ezinbesteko baldintza” bilakatu dela diote eta hori ez dutela onartuko argi utzi dute: “Lan eta pentsio erreforma gainean dugu eta ezinbestean atera gara honen protestan”.
Kasu honetan, euskal alderdiek bozkak gakoak direla dio Urkolak, “murrizketa batzuk onartzeko edo atzera botatzeko” adierazi du.