EAJ: "Berri ona den arren, ia bi urteko desfasea egon izana pena bat izan da"
Bihar zabalduko dute Hego Ingurabideko lehenengo faseko errepide zatia, eta EAJrentzat "hiriaren orainarentzat eta etorkizunarentzat ezinbesteko azpiegitura da".
Bihar zabalduko dute Hego Ingurabideko lehenengo faseko errepide zatia ,eta aurretik egina zegoen lotune erdiari batuko zaio. Xabier Iridoy EAJko bozeramailearen iritziz, “berri ona da” irundarrentzat, “baina pena bat izan da ia bi urteko desfasea” egon izana bi azpiegituren artean.
Lotune erdia 2020ko martxoan zabaldu zutela gogorarazi du Iridoyk, eta lehen faseko lan hauek, berriz, 2021 hasierarako amaituta egon behar zirela. Hain zuzen, lehen faseko lan horiek AP-8 – Oinaurre lotune erdia eta Euskal Herria etorbidea lotuko dituzte (880 metroko zatia), eta 7,25 milioi euroko kostua izan dute. Aldundiak lanen %85 finantzatu du eta %15 udalak. Lanak udalak egin ditu, baina atzerapena izan dute errepide lanetan egin behar izan diren aldeketen ondorioz.
Edozein kasutan, “hiriaren orainerako, zein etorkizunerako ezinbesteko azpiegitura” dela adierazi du. Lan horien ondotik, hiriko sarbideak arinduko direlakoan da EAJko udal bozeramailea, Behobia eta Kateako sarbideei hirugarren sarbide bat batuko zaielako, “hiriaren bihotzera”. Behin fase guztiak amaituta, ingurabidearen “potentzialitate osoa” ikusi ahal izango dela gaineratu du.
Bigarren faseko lanak, ordea, oraindik idazteko fasean daude. Kasu horretan, errepidea San Jose Obrero futbol zelaira arte luzatuko litzateke. Modu horretara, hego ingurabidea osatu eta hurrengo urteetan eraikitzea bermatu ahal izango dela esan du Iridoyk. Horretarako, EAJk duela hiru urte 200.000 euroko zuzenketa proposatu eta onartu zitzaiola gogorarazi du.