[Bideoa] Hondarribia-Nairobi Challenge abian jarri du Harambee GKEak
Udalarekin eta arraun elkarteekin elkarlanean, Keniako hamahiru emakume ikasketekin lagundu nahi ditu GKEak; Hondarribia eta Nairobi arteko distantzia ergometroarekin betetzean datza erronka.
Harambee Afrika Elkarrekin Bai gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) Hondarribia-Nairobi Challenge erronka abiatuko du bihartik abenduaren 18ra bitartean. Hondarribiko Udalarekin eta arraun elkarteekin elkarlanean, tartean Hondarribia Arraun Elkartea, Hondarribia eta Nairobi arteko distantzia ergometroan bete nahi du GKEak.
Zabaldutako informazioaren arabera, erronka honekin Nairobiko Kibondeni ostalaritza eskolan ikasketak burutzen lagundu nahi ditu hamahiru emakume GKEak. Helburu argia du dinamikak: “Kalitatezko zerbitzuak eskaintzen dituzten negozioak sortzea, benetan aurrera egiteko aukera handiak eta errealak izango dituztenak, tokiko ekonomian inpaktu handia lortuz, eta gaur egun pobrezian bizi diren tokietan errentak sortuz”.
Hori horrela, 6.000 kilmetro egin beharko dituzte parte hartzaileek. Horretarako hainbat bide zehaztu ditu GKEak: diru laguntza emanez edo ergometroarekin egindako kilometro kopurua QR kode baten bitartez eskaneatuz. Horrez gain, Hondarribia eta Hibaika arraun elkarteetako zein Kaiarriba Donostiarra eta Donostia Arraun Lagunak klubetako emakume arraunlariekin batera zuzeneko saioa eskainiko dute abenduaren 18an, Jostaldi pilotalekuan. Kilometroak ikasketa beka bihurtuko dituzte. Informazio guztia Harambee-ren webgunean aurki dezakete interesdunek.
Ondokoa da GKEak erronka arukezteko ekoitzitako bideoa.