Lau ardatz estrategikoetan oinarritutako aurrekontu proposamena aurkeztu du gobernu taldeak
Hondarribia Indarberritzen izenburupean, ondoko ataletan banatuta dago proposamena: pertsonak eta familiak, tokiko ekonomia, garapen iraunkorra, eta administrazioa eta herritarrentzako zerbitzuak.
Hondarribiko Udaleko Txomin Sagarzazu alkateak eta Juan Mari Altuna Ogasun zinegotziak 2022. urteko udal aurrekontu proposamena aurkezteko agerraldia egin dute gaur goizean. Agintariek nabarmendu dutenez, Hondarribiak izan duen hirugarren aurrekonturik handiena izango da datorren urtekoa, 24.363.525 eurorekin.
Lau ardatz estrategikoetan banatuta egongo da Hondarribia Indarberritzen izenpeko proposamena, Altunak zehaztu duenez: “Pertsonak eta
familiak izeneko atalerako 3.558.626 euro bideratuko ditugu; bertako ekonomia suspertzeko 1.179.735 euro; garapen iraunkorrerako 7.855.061 euro; eta administrazioa eta herritarrentzako zerbitzua hobetzeko 4.709.544 euro”.
Kopuru horien artean, tankera ezberdinetako egitasmo “ugari” dagoela nabarmendu du, halaber, Ogasun zinegotziak, estaerako: haur parke bat estaltzea, Amuteko pilotalekuan hobekuntzak, San Nikolas pasabidea egokitzea…
Sagarzazuk gogorarazi duenez, azaroa hasieran igorri zien EAJren tokiko gobernuak aurrekontuaren zirriborroa gainontzeko udal taldeei. Zuzenketak jaso ondoren, joan den ostegunean bildutako Ogasun Batzordean oposizioaren hainbat zuzenketa onartu zituen gobernu taldeak. “Beste alderdiei 180.000 eurotik gorako hainbat zuzenketa onartu dizkiegu, eta proposamen horiek kontuan hartuta eramango dugu proposamena udalbatzarrera”, erantsi du alkateak.
Aurrekontu proposamenaren lan ildo nagusiak hemen ezagutu daitezke, baita udalak abiatutako webgune berezian ere.
Etzi, ostegunerakin, bilduko da Hondarribiko Udalbatza ezohiko osoko bilkuran, eta proposamenak aurrera egingo balu, 2022ko urtarrilaren 10etik abian egotea aurreikusi du gobernu taldeak. Bertan kontsulta daiteke osoko bilkuraren eguneko aztergaia.