Jaizkibel konpainiaren ordezkaritza bat Batzar Nagusietan izan da gaur
22. konpania izateko proposamenak ez duela erantzunik jaso salatzeaz gain, konponbiderantz urratsak egiteko laguntza eskatu du konpainia parekideak agerraldian.
Jaizkibel konpainiako Ixabel Alkain eta Ana Mari Aristondo ordezkariek Gipuzkoako Batzar Nagusietako Berdintasun Batzordean parte hartu dute gaur goizean. Alarde Fundazioak ezarritako blokeo egoeraren aurrean gatazkari konponbide bat emateko helburuarekin laguntza eskatzera joan dira konpainia parekideko kideak. Areago, 22. konpainia izateko eskariari, ez Alarde Fundazioak ezta Hondarribiko Udalak ere, ez diotela erantzunik eman salatu dute kideek.
“Elkarrizketa mahaiak eratzeko eman diren saiakera guztietan, Alarde Fundazioak ezetz esan badu hori gauzatzeko aukera guztiak eten dira”, adierazi du Alkainek. Ildo horretan, dena gelditzeko ahalmen horri aurre egiteko “modu ezberdinak” egongo direla uste du kapitain oihak, eta erakunde publikoengan jarri du fokoa: “Mahai baten bueltan eseri behar dugu, eta hitz egin”.
Alkainek azaldu duenez, Alarde Fundazioko ordezkariek halako dinamiketan parte ez hartzeko asmoa helarazi zioten Jenny Pearce bitartekariari. “Elkarrizketaren bitartez adostasunera iristeko lan egin nahi dugu alde ezberdinek batek izan ezik, eta ezetz esaten duen hori da denon alardea antolatzen duena, pribatuki”, jarraitu du Alkainek.
Zentzu horretan, Jaizkibel gatazkari “tarteko” soluzioa emateko jaio zela gogorarazi du. Finean, emakumeek nahi duten konpainian eta nahi duten lagunekin ateratzeko eskubidea izan behar dutelako. “Eta alarde bakarrean, ez aparteko ikuskizun moduko batean”, erantsi du. Izan ere, ziur da kapitain ohia emakumeak izate hutsagatik egiten zaiela halako planteamendua. “Gizonezko beltzak izango bagina erabateko eskandalua izango litzateke. Izan ere, zer egin behar dugu baztertzaileak errespetatu? Jotzen nauen pertsona errespetatu behar dut?”.
Erantzuna
EH Bilduren eta Ahal Duguren babesa jaso du Jaizkibel konpainiak gaur goizean egindako agerraldian, ez ordea EAJrena. Jeltzaleen bozeramaile Saioa Bandresek sententzia bat “betetzen” ari direla eta hori dela “legea betetzea” leporatu die Jaizkibel konpainiako ordezkariei. Alkainek Bandresi gogorarazi dionez, sententzia alardea pribatizatu zenean eman zen, publiko izaera mantentzeko emakumeak onartu behar baitzituzten desfilean: “Aurreko sententzia batek esaten zuen udalak ezin zuela baztertzailea izan, eta prebarikazioan ez erortzearren pribatizatzea erabaki zuten; guztiona den ondare eta ekitaldi kulturala esku pribatuetan utzi zuten”.
PSE-EEk, bere aldeltik, zalantza helarazi die konpainia parekideko kideei, elkarrizketetan parte hartu nahi ez duen eragilerik gabe konponbiderantz egiten diren urratsak “baliagarriak” ote diren. PPko ordezkariak ez dira batzordean izan, Alakainek jarraitu duenez.
Orain dela 25 urte egin zuten alardean parte hartzeko lehen saiakera Hondarribiko emakumeek, eta handik urtebetera jaio zen Jaizkibel Hondarribiko konpainia parekide bakarra. Urte hauetan guztietan, alkate ezberdinek ez diotela Jaizkibeli harrerarik egin salatu du kapitainak: “2019koa izan zen azkena, eta Txomin Sagarzazu alkateak oraindik harrera egin zion alarde diskriminatzaileari, eta Jaizkibeli ez”.
Hori horrela, Emakundek argitaratutako Euskal Autonomia Erkidegoko herrietako jaietan emakumeen parte hartzea sustatzeko estrategiak azterlana bideorritzat hartzea aldarrikatu dute kideek, baita Berdintasun Legearen 25. puntuan agertzen dena betetzea ere.