Euskararen Eguna medio zenbait ekitaldi antolatu ditu udalak
Elkarrizketa musikatuak, Euskararen Kriseilua eta Euskal Liburu eta Disko Azoka antolatu ditu udalak Euskararen Egunaren inguruan.
Hondarribiko Udalak ezagutarazi duenez, zenbait ekitaldi antolatu ditu Euskara departamentuak Euskararen Egunaren harira. Hala, lehenik eta behin, asteazkenean (abenduak 1), elkarrizketa musikatuak izango dira Itsas Etxea Auditoriumean. DBHko lehen eta bigarren mailako ikasleei zuzenduta egongo da, eta goizean aurreikusitako bi saioetan garatuko dira. Euskaltzaleen Topaguneak eta Kabia elkarteak lagundu dute antolakuntzan.
Horrez gain, ostegunean (abenduak 2), Euskararen Kriseiluarekin lotutako ekitaldia egingo dute Itsas Etxean, 18:30ean. 4 eta 8 urte arteko haurrei eta familiei bideratuta dago. Euskaltzaleen Topaguneak eta udalak elkarlanean antolatu dute saioa.
Azkenik, abenduaren 9tik 12ra bitartean, Euskal Liburu eta Disko Azoka iritsiko da Hondarribira. Urtero bezala, Arrantzale Auzoan kokatuta egongo da, eta 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara zabalduko ditu ateak. Euskadiko Liburu Ganbarak, Euskadiko Liburu Azoken Batzordeak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hezkuntza Politika Sailak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu dute udala azoka prestatzen.