Musika film laburren lehen jaialdia iritsi da Hondarribira
Amua In-Edit Hondarribia festibalaren lehen ekitaldia egingo dute abenduaren 3tik 5era. Datozenetan jaialdiak nazioarteko proiekzioa hartzea aurreikusi dute bultzatzaileek.
Amua In-Edit Hondarribia musika film laburren jaialdiaren lehen ekitaldia hartuko du Hondarribiak abenduaren 3tik 5era bitartean. Bartzelonan jaiotako In-Edit Musika Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Festibalaren babesarekin sortutako jaialdia da Hondarribikoa, eta horri esker, datozen edizioetan nazioarteko proiekzioa jasotzea aurreikusi dute.
Amua Clubak egindako azken apustuaren berri emateko agerraldia egin dute aste honetan Ernesto Toledo elkarteko arduradunak eta Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak. Judas Arrieta sortzaileak irabazleentzat diseinatutako garaikurrekin batera burutu zuten jaialdiaren aurkezpena.
Hamasei ikus-entzunezko
Amua In-Edit Hondarribia jaialdiaren lehen edizioak musikaren inguruko 64 film labur jaso ditu, eta horietatik hamasei hautatu ditu epaimahaiak, Silanesek eta Toledok azaldu zutenez. Guztira, lau sari banatuko dira: hiru epaimahaiak erabakitakoak, eta laugarrena, publikoarena.
Asebete agertu zen Toledo jaialdiak jasotako lanen kalitatearekin, eta lehen edizioak hartutako dimentsioarekin. Ildo horretan, musika eta irudiez gain, Amuaren filosofiari heldu diotela erantsi zuen: «Ikuspegi pedagogikoa uztartzea ere lortu dugu, eta horixe da, hain zuzen, publikoari helarazi nahi diogun balio erantsia».
Hori horrela, datorren ostiralean, hilaren 3an, hasiko dute jaialdia Itsas Etxea Auditoriumean, 18:45ean. Zuzeneko musikak eta jaialdiaren lehen proiekzio sortak lagunduko dute aurkezpen ekitaldia. Larunbatean, bestalde, goiz eta arratsaldez luzatuko dira jarduerak. Hala, 12:30ean abiatuta, musika eta La Ruina podcastaren zuzenekoa hartuko du auditorioak. Bazkaltzeko geldialdiaren ondotik, 17:30etik aurrera, aldiz, festibalean parte hartzen duten gainontzeko film laburrak proiektatuko dira. Hainbat disko jartzailek arinduko dute saioa.
Bukatzeko, igande goizean musika nagusituko da, eta arratsaldean, sari banaketa eta In-Edit jaialdiko film irabazleen proiekzioa. Tito Ramirez eta Ian Kayren kontzertuek itxiko dute festibala. Aipatutako guztiaz gain, binilo eta DVD azoka egingo dute asteburuan zehar. Egitarau osoa eta gonbidapenen inguruko xehetasunak, bertan.