Espazio publiko eta digitalean emakume eragileek jasaten duten indarkeria matxista salatu du EH Bilduk
Adierazpena egin du EH Bilduk Indarkeri Matxistaren Nazioarteko Eguna medio. Mundu digitaleko zein inguru publikoko emakume eragileek jasaten duten jazarpena jarri dute mahai gainean, eta haien lana eskertzeaz gain, haien ondoan daudela nabarmendu dute.
Indarkeria Matxistaren Nazioarteko eguna dela-eta, emakumeen aurkako indarkeria mota eta hau sortzen duten eragile guztien kontra daudela adierazteko idatzia kaleratu du EH Bilduk. “Bizitza aske, seguru eta burujabeak eraikitzearen alde gaudelako”.
Sare sozialetan eta espazio publikoan eragile feministek jasaten duten jazarpenean jarri dute arreta. Diotenez, ez da kasualitatea inguru publikoa zein digitala hartu eta diskurtso eraldatzaileak mahai gainean jartzen dituzten emakumeen aurka joatea, eta jazarpen hau salatzeko garaia dela uste dute: “Antolatutako gorroto eta indarkeria matxista kanpaina baten ondorioa da”.
Espazio digital zein publikoan dauden emakumeen jarduna nabarmendu nahi izan dute, eta haien lana eskertzeaz gain, haien ondoan daudela adierazi nahi izan diete.
Gaur Irunen indarkeria matxista gaitzesteko egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute, azkenik.