'Butterfly Effect' antzezlana mantendu du Blaganek astebururako
Blagan euskara elkarteak bertan behera utzi ditu Euskararen Astebururako aurreikusitako ekitaldiak, Mikel Sarriegi zuzendariaren antzezlana izan ezik.
Koronabirusaren datuek zeharo okerrera egin dute Hondarribian. Hori dela eta, haur eta nerabeei bereziki zuzendutako Euskararen Asteburua bertan behera uzteko erabakia hartu dute Blagan euskara elkarteko kideek. Are gehiago: aire librean egitekoak zituzten jarduerak euri zaparrada mardulen mehatxupean daude, eta horiek azpiegitura itxien barnealdeara sartzea ez dute begi onez ikusi antolatzaileek.
Faktore guztiak medio, Mikel Sarriegi zuzendariaren Butterfly Effect – Gizateriaren hegaldia antzezlana izan ezik, jarduera oro atzeratzea erabaki dute bultzatzaileek. Hortaz, iganderako (hilak 28) antolatu dute arte eszenikoen emanaldia Kultur Etxean, 18:00etan.
Antolatzaileek zabaldutako informazioaren arabera, zubiaren ondoko bi asteburuetan (abendua erdialdean) bertan behera utzitako ekitaldiak berreskuratzeko aukera ba ote dagoen aztertuko dute. Momentuz, baina, egoera aintzat hartuta arduraz jokatzeko erabakia hartu dute.
Abenduaren 3an izango Euskararen Nazioarteko Eguna. COVID-19 pandemia medio, iaz ekitaldi eta jarduera guztiak bertan behera utzi zituzten, eta aurten, momentuz, “zuhurtziaz” jokatze aldera erabaki bertsua hartu dute Blagan elkarteko kideek.