Ekintzailetzaren inguruko diru laguntzen berri emango du Bidasoa Bizirik-ek
Jardunaldia antolatu du Bidasoa Bizirik garapen agentziak abenduaren 1erako, ekintzailetzaren inguruko diru laguntzez informatzeko.
Ekintzailetzara bideratutako diru laguntzen berri emateko jardunaldia antolatu du Bidasoa Bizirik-ek abenduaren 1erako. Agentziak ohar baten bidez zabaldu duenez, Lanbidek enpresa ideien garapena zein jarduera ekonomiko berriak diruz laguntzeko abiatuako lerroez informatuko dute bertan. Horietara iristeko baldintzak zeintzuk diren ere azalduko dute Bidasoa Bizirik-eko teknikariek.
Diru laguntzak eskatu ahal izateko, halaber, garapen agentziarekin aholkularitza prozesua hasita izan beharko du interesdunak, bai eta abenduaren 1eko bilerara joan ere. Zehaztutakoaren arabera, enpresa ideia bat gorpuzteko 1.000 euro jasoko dituzte eskatzaileek, eta 1.500 euro enpresa bat martxan jartzeko. Diru laguntza horiek %15 handituko dira eskatzaileak 18 eta 30 urte artean baldin badituzte. Emakumeen kasuan ere %15 handituko da laguntza.
Informazio gehiagorako Bidasoa Bizirik-en webgunera jo dezakete interesdunek.