[Galeria] Euri zaparraden artean hasi da Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna
Martxoak 8 plazan iragarrita zegoen karpa Itsas Etxearen atarira lekualdatu dute eguraldia medio; euriaren gainetik, tximeletek hegaldia altxatzea lortu dute.
A25 Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaurkoa. Kontzientziaziorako, sentsibilizaziorako eta mobilizaziorako eguna da gaurkoa eragile ezberdinek eta erakunde publikoek hala bultzatuta. Indarkeria matxista eta biolentzia bikarioaren aurka ahotsa goratuko dute gaurkoan, berriz ere, ehunka herritarrek Euskal Herrian, bai eta Hondarribian ere.
Hain egun bereziarekin bat egiteko, Emeki emakume elkarteak eta Zuloaga Etxea udal liburutegiak martxan jarritako Tximeleten Taupada dinamikarekin bat egin dute. Dozenaka tximeleta bildu dituzte horretarako, horiek guztiek, emakumeek bezala, libre hegan egin dezaten aldarrikatzeko.
Hondarribiko Udalak, bere aldetik, Martxoak 8 plazan kontzientziaziorako iragarritako karpa Itsas Etxearen atarira eraman behar izan du. Lekualdaketa haize bolandegatik erabaki du udalak, sare sozialetan zabaldu duenez. Hiru dinamizatzailek materiala eta laguntzarako telefono zenbaki zein baliabien berri eman dute bertan.
Arratsaldean, elkarretaratzera deitu du Emekik Martxoak 8 plazan, 18:30ean. Ondoren, La historia de todas nosotras filma proiektatuko du udalak Itsas Etxea Auditoriumean, 19:00etan.
Zapata Gorrien dinamikari dagokionez, atzo arratsaldean bildu zituzten elkarte guztiek biktimak oroitzeko oinetakoak, auditorioan.
Ondokoa da A25ak eguerdira arte emandako irudi sorta.