Etorkizuna eraikitzeko kapsula San Pedro kalera iritsi da
Etorkizuna Eraikiz dinamikaren baitan hondarribiarren ekarpenak bildu nahi ditu aldundiak; San Pedro kalean kokatu dute proposamenak eta gogoetak biltzeko kapsula.

Sagarzazu eta Pagola aurkezpenean.
Etorkizuna Eraikiz Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako dinamika Hondarribira iritsi da gaur goizean. Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak eta Mikel Pagola Gipuzkoako Foru Aldundiko Partaidetza zuzendariak azaldu dituzte Etorkizuna Eraikiz denboraren kapsularen nondik norakoak, San Pedro kalean egindako agerraldian.
Hondarribiarrek etorkizunaren inguruan dituzten ekarpenak bildu nahi dituzte foru aldundiko agintariek Axeri elkartearen parean kokatutako kapsularen bitartez. “Gipuzkoako biztanleak izango dira lurraldearen etorkizun, horregatik, haiekin elkarlanean eraiki behar dugu”, adierazi du Pagolak. Hori horrela, herritarren parte hartzean indarra jarri du zuzendariak, hori baita politikarekiko eta erakundeekiko konfiantza berreskuratzeko “tresna”.
Sagarzazuren arabera, bestalde, herritarren ekarpena aintzat hartzea “ezinbestekoa” da Gipuzkoa eta bertako udalerriak etorkizunean nolakoak izango diren erabakitzeko.
2040. urterako zer-nolako Gipuzkoa nahi duten zehaztu ahal izango dute hondarribiarrek kapsularen barruan kokatutako baliabideen bitartez. Gainera, egungo hamaika indize eta datu biltzen ditu guneak. Bertara hurbil daitezke interesdunak euren ekarpena, iritzia edo hausnarketa adieraztera. Fase hau amaituta, ekarpenak aztertu eta Etorkizuna Eraikiz egitasmoan txertatuko ditu aldundiak. Kapsulak 2021. urtean bisitatuko duen azken herria da Hondarribia.