24 milioi eurotik gorako aurrekontua proposatu du EAJren gobernu taldeak
Pertsonak eta familiak, batetik, eta tokiko ekonomiaren sustapena, bestetik, direla lehentasunak zehaztu du jeltzaleen tokiko gobernuak.
Hondarribiko EAJren udal gobernuak 24.363.525 euroko aurrekontu proposamena aurkeztuko du etziko Ogasun, Kontu eta Ondare Batzordean. 2022. urteko planteamenduak Agintaldi Planaren eguneratzean jasotako «lehentasunak» aintzat hartu ditu, Txomin Sagarzazu alkatearen arabera: «Hala nola, pertsonak eta familiak, batetik, eta tokiko ekonomiaren sustapena, bestetik».
Hondarribiko historiaren hirugarren hirugarren aurrekonturik «handiena» izango dela nabarmendu dute. Areago, «susperraldi ekonomikorako une batean» dagoela Hondarribia uste du hautetsiak, eta beraz, jeltzaleek euren «ekarpena» eskaini nahi diote «hiriaren bultzada ekonomikoari eta udal zerbitzuen hobekuntzari».
Hori horrela, aurten bezala, 2022rako aurrekontua lau ardatz estrategikoetan oinarrituko dela zehaztu du Sagarzazuk: pertsonak eta familiak, batetik; tokiko ekonomia eragileekin batera suspertzea, bigarrenik; iraunkortasuna, hirugarrenik; eta udal administrazioa eta herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzea, azkenik.
Juan Mari Altuna Ogasun zinegotziak bere aldetik, gainontzeko udal taldeekin lanean ari direla azaldu du, eta udal aurrekontuan sartzeko aukera duten proposamen edo iradokizun «errealistak» biltzen ari direla gaineratu.
Herritarrek aurrekontuan parte hartzeko bide bat zabalduko dutela ezagutarazi du, halaber, Altunak. Horren inguruko xehetasunak aurki zabalduko dituztela esanez bukatu du zinegotziak.