Igandeko Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen saioa atzeratu egin dute, COVID-19agatik
Bi saiotan, 800 pertsona ziren joatekoak Itsas Etxera. Prudentzia irizpidea erabilita utzi dute bertan behera igandeko ikuskizuna.
Igandean zuten aurkeztekoa Hondarribian Pirritx, Porrotx eta Marimotos pailazoek ‘Kuikui’ ikuskizuna egin behar zuten Itsas Etxea Auditoriumean. COVID-19 kasuak izaten ari diren gorakadagatik, igandekoa bertan behera geldituko dela jakinarazi du Hondarribiko Udalak. Aurrerago egingo dute emanaldia, eta behin data berria erabakitakoan, publiko egingo dute.; hori zehazteko harremanean hasi da udala produktorarekin.
Txomin Sagarzazu alkateak adierazi du COVID-19 kasuek nabarmen egin dutela gora Hondarribian, eta hazkunde hori asko zentratzen ari dela txertorik jaso ez dutenen artean, “12 urtetik beherako haurrengan, adibidez”. Igandeko ikuskizunaren publikoaren zati bat adin horretako edo gazteagoena izango litzateke: “Osasun sailburuaren azken aginduari jarraiki, prudentzia aintzat hartuta, ikuskizuna atzeratzea erabaki dugu”. Bi saio ziren egitekoak pailazoak, eta bietan 800 bat pertsona elkartu behar zirela zehaztu du alkateak
Ikastetxeekin harremanean
Bestalde, alkateak nabarmendu du herriko ikastetxeetako zuzendariekin hitz egin duela azken orduetan, bertako egoera zer nolakoa zen jakiteko. Hala, pailazoen emanaldia bertan behera uzteko zuzendarien iritzia kontuan hartua izan dela adierazi du udal buruak. Gainera, udalean ordezkaritza duten beste alderdi politikoak gaiaren jakinaren gainean daudela adierazi du.