Hitzetatik ekintzetara jauzi egitea hil ala bizikoa delako
Panorama iluna, urtarril eta irail bitartean Oarsoaldean, eta Irun nahiz Hondarribian jasotako eraso matxistek gurean utzi dutena. Iazkoekin alderatuta, %23,27 egin dute gora indarkeria matxistagatik jarritako salaketek.
Bost bizi proiektu, bost amets, bost historia betirako itzali ditu indarkeria matxistak aurten Euskal Herrian. Aintzane Pujana, Kontxi Gonzalez, Maria Pilar Berrio, Erika Tavares eta Miarritzen senarrak erail zuen 75 urteko emakumearen hilotzak utzi ditu urteak. 2003az geroztik 112 emakume eta 11 haur hil ditu indarkeria matxistak. Zenbakiak dira, bere gordintasunean, baina zenbaki horien atzean izen-abizenak daude; eta garrantzitsuena, bizitzak zeuden.
Indarkeria matxistaren adierazpenik bortitzena dira feminizidioak, baina indarkeria horrek hamaika aurpegi ditu, eta egunero, uneoro gertatzen da, intentsitate baxukoa izanik ere, indarkeria delako. Aurtengo bigarren hiruhilekoan indarkeria matxistari lotuta 279 emakumek babes eskaria aurkeztu dute epaitegietan Hego Euskal Herrian; iazko tarte berean izandakoak baino %16 gehiago. Epe berean, iaz baino %5 salaketa gehiago aurkeztu dira. Panorama iluna ere, urtarril eta irail bitartean Oarsoaldean, eta Irun nahiz Hondarribian jasotako eraso matxistek gurean utzi dutena. Iazkoekin alderatuta, %23,27 egin dute gora zenbaki horiek.
Erraz esan eta irakurtzen dira zenbakiak; irensten zailagoa izaten da errealitatea, ordea. Iazkoak baino laurden bat gehiago izan dira-eta epe berean salatutako erasoak —392 izan dira aurten iraila bitartean, eta 318 iaz epe berean—. Datu horiek Emakundek emandakoak dira, Segurtasun Sailak bildutakoak, eta bertan zuzenean egindako salaketak zein Ertzaintzak ofizioz zabaldutakoak hartu dituzte aintzat; horietaz gain, salatu gabeko eta isilean gordetako hamaika eraso matxista gehiago. Ez da agertoki gozoa emakumeentzat, ezta osasungarri hazi eta bizi nahi duen gizarte batentzat ere, hortaz. Gaitzak jota dago. Ez da gai indarkeria matxista eremu pribatu zein publikoetatik ezabatzeko; ez da gai herritar ororen askatasuna bermatzeko.
Egoerak ezinbestean eskatzen du jauzi egitea, egiturazkoa den arazo bati erantzun integrala ematea. Hitzetatik ekintzetara pasatzea hil ala bizikoa da. Izan ere, neurri asistentzialak beharrezkoak izanagatik ez dira nahikoak; zauria osatzen laguntzeko balio dezakete, baina orbaina hor gelditzen da, eta zauririk eta orbainik sendatu behar ez izatea behar du izan helburua, emakumeak ere aske izango diren kaleak, parkeak, ikasgelak, tabernak… eraikitzea. Ezinbestekoa da indarkeria matxista ahalbidetzen duen sistema iraultzea. Errealitate hori eraiki bitartean, emakumeen arteko babes sareak, autodefentsa feminista eta ahalduntzea dira gakoa, etxera bidean aske izan gaitezen, eta ez ausart.