[Erreportajea] Ezaba ezinak diren aztarnak
Emakumeen Aztarnak Hondarribian egitasmoa aurkeztu berri du Parean elkarteak. Memoria berreskuratzeko ahaleginean, maila ekonomiko orotariko hamar emakume bildu dituzte proiektuan.
Emakumeek historian utzitako aztarna ez ohi da gizonena bezain ikusgarria izaten. Emakume bakan batzuk lortu dute historia liburuetara igarotzea, eta haiek egindako ekarpenek eta erdietsitako lorpenek hamaika trabarekin topo egin dute bidean. Areago, ez da soilik sexismoak markatutako etengabeko praktika izan, gizarte klaseak baldintzatutako prozesuari ere erantzuten diola baizik. Maila ekonomikoak, batetik, eta generoak, bestetik, baldintzatu dute emakumeen presentzia eta aztarna historian, gizonen esku egon baita historikoki kontakizunaren ardura eta memoria.
Egoera iraultzeko helburuarekin, Emakumeen Aztarnak Hondarribian izenpeko proiektua martxan jarri du Irungo Parean elkarteak. Dozenaka izenen artean, emakume ezagunak, ezezagunak, aberatsak eta xumeak plazara aterako dituen egitasmoa da. Ez da lehen aldia tankera honetako proiektuei heltzen diela genero berdintasuna ardatz duen elkarteak, Irunen ere jorratu baitute gaia egitasmo ezberdinen bitartez.
Oihana Llorente Parean elkarteko kideak aspaldi sortutako hausnarketa baten ondorio dela azaldu du. «Guk askotan esaten duguna da, gizateriaren erdia baldin bagara, eta honaino iritsi bagara, emakumeek ere bere ekarpena egingo zutela», azaldu du. Gogoeta prozesua Parean-eko kideak Bilgune Feministaren parte zirenean abiatu zen: «Orduan konturatu ginen Irunen bertan, momentuan zeuden 500 kaleetatik bik bakarrik zeukatela emakume izena: Junkal Labandibar eta Prudencia Arbide kaleak, hain zuzen, eta azken horri, gainera, jende guztiak Prudencio Arbide esaten dio».
Mertxe Trancherekin lanean hasi ziren orduan, eta Irunen egindako lanketa hori Hondarribian ere aurrera eramateko aukera zegoela pentsatu zuten. «Leku guztietan bezala, emakumeek ekarpen handia egin diote historiari. Pixka bat gehiago arakatu behar da, eta lan handiagoa da emakumeen ekarpen hori ikustea eta berreskuratzea», adierazi du. Hori da, hain zuzen, elkartekideen iritziz egin beharrekoa, historia «berreskuratu», bai eta «gizarteratu» ere.
Historian bidaia
Maria Jose Noain historialaria izan dute proiektu honetan bidelagun Parean elkarteko kideek. «Gure lana Parean bezala proiektu edo informazio hori jendarteratzea da. Historian bilatu eta aurkitzearena profesionalei uzten diegu», zehaztu du Llorentek.
Biek ala biek «plazera» izan dela elkarlanean aritzea kontatu dute. Asebete agertu da Noain egindako lanarekin, eta prozesua nolakoa izan den azaldu du: «Alde batetik, aukeraketa egiten hasi ginenean izen oso ezagunekin topo egin genuen, adibidez, Austriako Maria Teresa, Felipe IV.aren alaba eta Luis XIV.aren emaztea, Joana I.a Gaztelakoa, edo Inexa Gaxen. Bestetik, gure asmoa ezezagunak ziren emakumeak ere berreskuratzea zen, eta horretarako ikerketa txiki bat egin behar izan nuen».
Oñatin kokatutako Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikora jo zuen Noainek. Hutsetik ekin zion ikerketari, eta Hondarribian XVI. eta XVII. mendeetan zein emakume izen agertzen ziren aztertu zuen lehenbizi. «Banekien dokumentazioan emakume izen mordoa agertuko zela, baina erabat harrituta geratu nintzen kopurua eta interesa zein handiak ziren konprobatzean», azaldu du historialariak.
Hori horrela, hainbat izen ezezagun hautatu zituzten. Emakume horien izenak historia liburuetara igaro ez diren arren, egunerokoan zer-nolako garrantzia izan zuen islatu nahi izan dute. «Ez genuen inoiz imajinatuko zein presentzia garrantzitsua zuten eguneroko bizitzan, negozioetan, merkataritzan, arrantzan…», dio Noainek. Emakume horien artean, daude, besteak beste: Catalina Alkiza, Catalina Gijon, eta Graciana Lizarraga. «Ez dira emakume historikoak, ez dira printzesak, baina dokumentazioan agertzen dira, eta bere negozioak izan zituzten», erantsi du.
Emakume bakoitzari leku bat eta gai orokor bat esleitzea izan ziren eman zituzten hurrengo pausoak. Hala, Alde Zaharreko eraikin eta gune ezberdinekin lotu dituzte emakumeak, horietako bakoitzari gai bat egokituz. Joana Gaztelakoaren adibidea jarri du Noainek: «Badirudi ez zela Egiluz jauregian egon azkenean, baina herrian Joana Gaztelakoaren palazioa zela esaten dute, eta beraz, hor kokatu dugu bere figura». Horrez gain, Joana Eroa beharrean Joana Gaztelakoa izendapena defendatu du historialariak. «Zergatik deitzen zioten Joana Eroa? Zer gertatzen da emakumeak eta boterea lotzean?», salatu du.
Inexa Gaxenen kasua ere errazen artean kokatu du Noainek. Haren aurkako sorginkeria epaiketa Hondarribiko udaletxean egin zuten. Hortaz, emakumea kokatzeko zalantzarik ez du izan historialariak. «Jende askok Kale Nagusiko gaur egungo udaletxean pentsatuko du, baina XVII. mendean ez zen existitzen. Epaiketa kontzejuko dorrean egin zen, parrokiaren kanpandorrean, hain zuzen. Eliza gotikoaren aurretik tenplu erromaniko bat zegoen, eta banatuta dorre bat. Hor biltzen zen kontzejua, eta epaiketak hor egiten zituzten. Inexa Gaxen, beraz, kanpandorrean kokatu dugu bere epaiketa bertan izan zelako», argudiatu du.
Proiektuan bildutako emakumeei egokitutako gaiei dagokienez, ondokoak zerrendatu dituzte Llorentek eta Noainek: borroka, indarkeria, ezkontza, boterea, merkataritza, arrantza, sorginkeria, sedukzioa, bidaiak, eta artea.
Ibilaldi historikoa
Hondarribiko historiaren parte diren emakumeak ezagutarazteko eta gizarteratzeko helburuarekin paseo batean biribildu dute proiektua. Betaurreko moreak jantzi dituzte prozesuan, eta historia liburuetara igarotako emakumeez gain, herri xumearen parte zirenei zein emakume arruntei «lekutxoa» eskaini, eta ibilbidean «kokatu» dituzte. Horretarako Parean elkartearen webgunean —www.parean.eus— eskuragarri jarri dute paseoa emateko informazioa eta audio gida. Informazioa, PDF orrietan eskura daitekeena ere, Andrea Villamoren ilustrazioek laguntzen dute.
Noainen zein Llorenteren hitzetan «oso polita» eta «magikoa» izan da harekin lan egitea. «Andreak [Villamor] egin duen prozesua detaile guztiak aukeratzeko eta horiek emakume bakoitzaren historiarekin lotzeko oso interesgarria izan da, ez da soilik marraztea izan», gaineratu du Noainek.
Ibilbideak, beraz, Hondarribiko historiaren parte diren emakume horiek ezagutzeko aukera emango die interesdunei. «Paseoak arkitektonikoki asko irabazten du Alde Zaharrean, eta paseo motz bat izan daiteke. Eskoletan ere txangoa egin dezaketela pentsatzen ari gara, baita adineko pertsonek ere. Horregatik Nagusilanekin aritu gara harremanetan, beraiek halako paseoak egiten dituztelako», azaldu du Llorentek.
Irungo esperientziei erreparatuta, ikastetxeetan eta adineko zentroetan sortutako dinamikei «oso positibo» iritzi die Llorentek. Gainera, Irungo Udalak aurrera urratsa egin duela kontatu du, kokaleku bakoitzean plaka bat QR kode batekin jartzeko asmoa baitu: «QR horrekin audiora irits zaitezke, informazio guztira, eta hori, gure ustez, Hondarribian egiteko ere erraz-erraza da».
Ildo horretan, Talaia, Ama Guadalupekoa eta Egiluze ikastetxeekin dagoeneko harremanetan jarri dira. Izan ere, Irungo ereduari jarraituz, eskoletan erabiltzen den ikas materiala dela jakin badakite Parean elkarteko kideek.
Zerbait «erabilgarria» sortu nahi zutela argi utzi du Llorentek. «Guk dokumentazioa webgunean jartzen dugu, eta audioen bidez bakoitzak nahieran erabiltzeko aukera du bertako emakumeen historia ezagutzeko», argudiatu du. Noainek, bere aldetik, hondarribiarrentzat interesgarria izateaz gain, proiektuak bestelako «proiekzioa» izan dezakeela uste du: «Alde batetik, kultur turismoaren ikuspuntutik, edozein etor daiteke Hondarribia bisitatzera, eta lortzen baldin badugu paseoa ikusgarria izatea edozein pertsonak har ditzake gure PDF guztiak, eta bere kontura paseoa egin. Bestetik, edozein lekutan dauden emakumeen etxeentzat ere interesgarria izan daitekeela uste dut».
Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Sailak babestutako egitasmoa atzo aurkeztu zuten. Proiektu osoa herritar ororen eskura dago Parean elkartearen webgunean, emakumeek Hondarribian utzitako aztarna inork, inoiz, berriro ezaba ez dezan.
Paseo herritarra, proiektua gizarteratzeko lehen urratsa
Parean elkarteak Maria Jose Noain historialariarekin, eta Andrea Villamor ilustratzailearekin osatutako proiektua bertatik bertara ezagutzeko aukera egongo da hilaren 27an. Paseo herritarra antolatu dute horretarako, interesdunek Alde Zaharrean barrena hamar emakumeen istorioak ezagutu ditzaten. Noainek gidatuko du paseo historikoa, Villamorren laguntzarekin.
Emakumeen Aztarna Hondarribian proiektua lehen eskutik ezagutu nahi duten lagunek www.parean.eus-en izena eman beharko dute. Hilaren 27rako finkatu dute hitzordua, Arma Plazan, 11:00etan.