Udal gobernua «zuritzeko» A25ean antolatutako ekitaldietan ez du parte hartuko EH Bilduk
Adierazpen instituzionalarekin bat ez egitea ere erabaki du koalizio abertzaleak; 25 urtez «bazterketa bortitza» babestu izana leporatu dio EAJren gobernu taldeari.
A25 Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean EAJren udal gobernua «zuritzeko» antolatutako egitarau eta dinamikekin bat ez egitea erabaki du Hondarribiko EH Bilduk. Horrez gain, A25eko adierazpen instituzionala ez duela babestuko erantsi du koalizio abertzaleak.
Zabaldutako informazioaren arabera, A25aren harira tokiko gobernu jeltzaleak Elina Chauvet artista mexikarraren Zapata Gorriak dinamikari helduko dio aurten. Zentzu horretan, argi mintzatu dira bilkideak: «Ez dakigu Elina Chauvetek Hondarribia ezagutzen duen, eta gure hiriko jai nagusietan zer gertatzen den ba ote dakien. Gaude, feministentzat ez dela oso onargarria emakumeen bazterkerian erantzukizuna duten erakundeak emakumeen aurkako bortizkeria desagerrarazteko aitzindari gisa agertzea».
Urtero, irailaren 8an Hondarribiko jaietan emakumeen parte hartzearen inguruan gertatzen denaren «erantzukizun zuzena» duela uste du koalizioak. Era berean, «berdintasun plana onartu arren, Berdintasun saila eta berdintasun teknikaria ez izatean» ardura egotzi dio jeltzaleen udal taldeari.
Hori guztia dela eta, «hipokritatzat» jo du tokiko gobernuaren portaera: «Alde batetik, hiriko toki izenak emakumeei eskaini, eta emakumeen aurkako jazarpenaren aurkako ekimenak antolatu, eta bestetik, 25 urteko bazterketa bortitza babestu».
EH Bilduren ustetan, emakumeen aurkako bortizkeria desagerrarazteko «modurik eraginkorrena parekidetasunaren alde borrokatzea da, Hondarribian ere, jaietan ere». Azkenik, A25ak adierazten duen «guztiarekin» bat egiten dutela argi adierazi dute abertzaleek: «Irmoki salatzen dugu emakumeek egunerokotasunean jasaten dituzten biolentzia estruktural mota guztiak, eta horretan jarraituko dugu urteak dituen 365 egunetan».