Emakumeen aztarna Hondarribian berreskuratu du Parean elkarteak
Hondarribiko hamar emakume ospetsu eta ezezagun, aberats zein xume, bildu ditu proiektuan Parean elkarteak; Maria Jose Noain historialariak eta Andrea Villamor ilustratzaileak parte hartu dute egitasmoan.
Parean berdintasun elkarteko Oihana Llorentek eta Maria Jose Noain historialariak Emakumeen Aztarnak Hondarribian proiektuaren berri eman dute gaur goizean, Arma Plazan egindako agerraldian. Emakume ezberdinen biografiak berreskuratu eta bildu dituzte egitasmoan, eta ibilbide historiko bat osatu dute horiekin. Andrea Villamor ilustratzaileak ere parte hartu du proiektuan.
“Emakumeek herri honen historiari egindako ekarpena gogora ekarri eta goraipatu nahi dugu”, azaldu du Llorentek prentsa aurrean. Horiek ezagutarazteko, ilustrazioak, audioak eta testuak “harilkatu” dituzte parte hartzaileek: “Hamar emakume hauek gai sorta bat azaldu nahian aukeratuak izan dira. Sorginkeriaz, merkataritzaz, botereaz, arrantzaz, arteaz edota gerraz ariko gara, beti ere, emakumeen ekarpenetik”. Horrez gain, emakume bakoitzari hirigune historikoaren leku bat egokitu zaio, haien historia pertsonalak “indartuz”, eta bide batez, “paseo eder bat sortuz”.
Hori horrela, paseo birtuala audioz, ilustrazioz, testuz, eta PDFz osatuta dago, eta www.parean.eus zein bidea.parean.eus helbideetan eskura daiteke.
Paseo herritarra
Egitasmoa gizarteratzen hasteko helburuarekin, paseo herritarra egingo dute Parean-eko kideek eta kolaboratzaileek hilaren 27an, larunbatarekin. Arma Plazan finkatu dute horretarako hitzordua, 11:00etan, eta doakoa den arren, izena ematea ezinbestekoa da edukiera mugatua izango baitu.
Noainek gidatuko du ibilbide historikoa, eta onartu duenez, ikerketa prozesua “oso-oso interesgarria” izan da: “Gure herria, Hondarribia, txikia da, baina historia luzea eta konplexua du, hortaz, aukeraketa zaila izan da. Ikerketan ez dira bakarrik hamar emakume agertu, askoz gehiago baizik”.
XVI. eta XVII. mendeetan politika, borroka… soilik gizonen esku zegoela dirudien arren, garaiko dokumentuek emakumeek negozioak zituztela, eta merkataritza zein arrantzan ere rol inportanteak jokatzen zituztela demostratzen dute historialariarentzat.
Azkenik, emakumeak hautatzeko prozesuaz gain, erronka izan da maila sozialen arteko oreka mantentzea, Noainek aitortu duenez. Izan ere, agiri historikoetan boteredun eta aberatsak agertzen direla batez ere zehaztu du, eta beraz, bilaketa lanetan zailtasun gehiagorekin topo egin duela onartu du.
Egitasmoa herritar ororen eskura dago jada Interneten. Hala ere, hilaren 27ko paseoan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.
HITZA-K Emakumeen Aztarna Hondarribian proiektuaren inguruko erreportajea argitaratuko du bihar, paperean zein Interneten.