Irun Beldur Barik ikuskizuna, hilaren 27an, Ficoban
Askotariko arte diziplinekin osatutako ikuskizuna jasoko du Ficobak hilaren 27an. Horrez gain, Irun Beldur Barik lehiaketaren sari banaketa egingo dute.
A25eko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunaren harira, aurten ere Beldur Barik izeneko ekitaldiak hartuko du Ficoba hilaren 27an (larunbata da). 18:00etan hasiko dute hainbat diziplina artistikoz osatutako ikuskizuna. Aurtengoak gainera, indarkeriaren aurkako zero tolerantziaren mezua aldarrikatzeko balioko duela azaldu dute udaleko iturriek.
Miren Etxebeste ordezkariaren arabera, egitasmoaren helburu nagusia da “emakumeen eta gizonen arteko berdintasun balioak sustatzea eta nerabe eta gazteen artean jarera ez sexista nagusi dadin aldatzen saiatzea, indarkeria matxistaren prebentzioa landuz eta harreman osasuntsuak eta berdintasunezkoak sustatuz”.
Bertako talentua izango da protagonista nagusia, ondorengo hauek igoko baitira oholtza gainera: Berdinki Zirkua; Maddi Sanz harpista; Itziar Sistiaga idazlea; Danae Riaño eta Laina Cantante kantariak eta Analya Bellidance Baile eta My Dance Studio dantza konpainiak.
Emanaldiaz gain, aurten ere Irun Beldur Barik Lehiaketa lokalaren irabazleak aukeratuko dituzte. Lehen kategorian (12-13 urte bitarte) Hirubide BHIko Etorkizuneko Alaba izeneko bideoa izan da garaile; bigarrenean aldiz (14-1 urte), Eguzkitza BHIko ikasleek osatutako Jaiak bideoa.
Urrian hasi ziren proiektu honetan lanean ikasleak; orotara 77 ikasgelatan tailerrak egin dituzte eta 1.500dik gora ikaslek parte hartuko dute Ficobako ekitaldian. Sarrera doakoa izango da baina gonbidapena eskuratu beharko da, helbide honetara idatziz.