Elkarrekin Podemos-IUk babesa adierazi die Bidasoko Ospitaleko langileei
David Soto eta David Nuño ospitaleko langileekin bildu dira gaur, euren kezkak bertatik bertara ezagutzeko. Nabarmendu dute lanean jarraituko dutela "ospitaleko profesionalen lan baldintzetan eraginik izan ez dezan kirurgia blokea birmoldatzeko proiektuak".
Elkarrekin Podemos-IU taldeko David Soto eta David Nuñok Bidasoko Ospitaleko langileak bisitatu dituzte gaur, “bloke kirurgikoa birmoldatzeko proiektuaren ondorioz bizi dituzten egoera zailen aurrean babesa adierazteko” asmoz. Gaurkoaz gainera, aste honetan langileekin hainbat aldiz bildu direla gaineratu dute taldetik.
“Egoera larriagotu zenetik” taldeko kideak babes eta laguntza guztia eskaintzeko prest agertu direla diote. Tartean, Sotok Eusko Jaurlaritzari zuzendutako hainbat galdera erregistratu dituela gogoratu dute, “langileei eragiten dizkieten zalantza larrienetako batzuk argitzeko”.
Gaurko bisitan langileek kezkak bertatik bertara ezagutu dituzte. Bertan, bi ordezkariek nabarmendu dutenez, beharrezkoa da langileei eta herritarrei gardentasun eta informazioa handiagoa ematea. “Gure
taldeak dagoeneko aurkeztu ditu osasun-sistema publikoa indartzeko aurrekontuetarako proposamenak, eta uste dugu Eusko Jaurlaritzak ere bere gain hartu behar duela arazo horretan duen erantzukizuna”. Horregatik, “Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei zuzenketa partzial bat aurkeztuko diegula” iragarri du, “hemen eranskin kirurgiko bat egon dadin eta zerbitzua Donostiara lekualdatu behar izan ez dadin, kalitatea galtzeak dakarren guztiarekin”, esan du Sotok bisitan.
Amaitzeko, nabarmendu dute koalizioak lanean jarraituko duela “ospitaleko profesionalen lan baldintzetan eraginik izan ez dezan kirurgia blokea birmoldatzeko proiektuak”.