Indarkeria matxistaren eta bikarioaren biktimak gogoan izango dituzte A25ean
Udalak eta Emeki elkarteak A25aren harira antolatutako jardueren berri eman dute gaur goizean; Tximeleten Taupadaz gain, Zapata Gorriak dinamikari helduko diote.
A25 Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekitaldi eta dinamiken aurkezpena burutu dute gaur goizean Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak, Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasun zinegotziak, eta Emeki emakumeen elkarteko Maria Jesus Berrotaran eta Koro Bidaurreta kideek. A25a ez dela «ospakizun eguna, ezta egun bakarreko kontua ere» gogoratu du Sagarzazuk prentsa aurrean, eta indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa 365 egunez luzatzen dela gaineratu du.
«Genero indarkeria sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta ikusarazteko» eguna dela azaroak 25 aldarrikatu du Larrartek, bere aldetik, aurkezpenean. Erantsi duenez, Espainiako Gobernuak zabaldutako datuen arabera, 37 emakume eta bost ume erail ditu indarkeria matxistak eta biolentzia bikarioak aurten, hurrenez hurren. Hori dela eta, genero indarkeriaren aurkako lanketa azaroaren 25az harago doala gaineratu du hautetsiak.
Programa
Prestatutako egitaraua ezagutarazi aurretik, lehenik eta behin, Zuloaga Etxea udal liburutegiak eta Marlaxka Xake Klubak La reina de Katwe filmaren proiekzioa antolatu dutela oroitarazi du Larrartek. Gaur finkatu dute horretarako hitzordua, 19:00etan.
Hondarribiko Udalak Emeki emakume elkartearekin elkarlanean, bestalde, Nagore dokumentala emango dute ostiralean (hilak 19) Itsas Etxea Auditoriumean, 19:00etan. Proiekzioaren ondotik, Nagore Laffagen ama Asun Casasolak solasaldia eskainiko du.
Horrez gain, azaroaren 25ean, elkarretaratzea egingo dute Martxoak 8 plazan, 18:30ean. Ondoren, abortu naturala izan eta hilketa egotzita preso dauden El Salvadorko hainbat emakumeren istorioa jasotzen duen La historia de todas nosotras lana emango dute auditorioan, 19:00etan. Ikus-entzunezkoa amaituta dantza emanaldia ikusteko aukera izango dute interesdunek
Jarduera horien artean, era berean, Elina Chauvet mexikarrak martxan jarritako Zapata Gorriak dinamikarekin ere bat egingo du udalak. Zapata gorriek biolentzia matxistak eta indarkeria bikarioak eraildako emakume eta umeak irudikatuko dituzte. Larrartek azaldu duenez, elkarte eta eragile ezberdinei dinamikan parte hartzeko eskatu zien, eta proposamenak erantzun «harrigarria» jaso duela adierazi du. Hala, berrogei elkartetik gora parte hartu dute dinamikan. Hilaren 24an auditoriumean bilduko dituzte zapata guztiak, eta A25ean elkarretaratzera eramango dituztela aurreratu du zinegotziak.
Emeki elkarteko kide Berrotaranek, azkenik, Tximeleten Taupada iniziatibaren bitartez pinpilinpauxa more ugari bildu dutela jakinarazi du. Horiek guztiak elkartearen egoitzan zein liburutegian jarriko dituzte, baita A25eko elkarretaratzera eraman ere.
Ekitaldi guztiak debalde diren arren, gonbidapenak Interneten eta Arma Plaza informazio gunean jaso daitezke. Egitarau osoa ondoko webgunean egongo dela astelehenetik aurrera bukatu du Larrartek.