Martxan da hotzaren aurkako dispositiboa
Gaueko tenperatura zortzi gradukoa edo hortik beherakoa denean aktibatuko dute, egoera zaurgarrian dauden herritarrek gaua bertan pasa dezaten. Otorduez gain, higiene pertsonaleko eta garbiketa zerbitzua ere eskainiko diete.
Irungo Udalak jakinarazi duenez, dagoeneko martxan jarri dute hotzaren aurkako dispositiboa. Hala, gaueko tenperatura zortzi gradukoa edo hortik beherakoa denean gaua pasatzeko leku bat emango diete etxerik ez dutenei Zubia zentroan.
Zerbitzua erabili ahal izateko beharrezkoa izango da udal gizarte zerbitzuen preskripzio teknikoa, zaurgarritasun egoera berezian dauden pertsonen kasu batzuetan salbu.
18:00etan jakinaraziko dute zerbitzua martxan dagoen ala ez, eta aktibatuz gero, 21:00etan sartzeko aukera izango dute erabiltzaileek, 9:00etara bitarte. Bertan, ohea, afaria eta gosaria, higiene pertsonaleko zerbitzua eta garbitegi zerbitzua eskainiko diete.