'Ipuinetako erakusleihoak', "herritarren artean arreta erakartzeko"
Aurtengo Eguberrietan merkataritzari bultzadatxo bat emateko ekintza "berritzaile" bat abiatuko du udalak. Erakusleiho bereziak prestatuko dituzte hiriko hamar dendek.
Aurtengo Eguberriei begira merkataritzari bultzadatxo bat emateko ekintza “berritzaile” bat abiatuko du udalak, Ipuinetako erakusleihoak izenekoa. Ekintza honen bitartez Irungo hamar dendek erakusleiho bereziak izango dituzte, abenduaren 9tik urtarrilaren 9ra bitarte. QR kode bat baliatuz, mugikorrarekin kaletik dendaren barrualdean dagoen mekanismo robotizatu bat aktibatuko du erosleak. Euskarazko zein gaztelaniazko ahots batek mugimendu joko bat azalduko du, “herritarren artean arreta erakartzeko” asmoz. Gai nagusia Tom Sawyer-en abenturak izango direla aurreratu dute, Mark Twain idazlearen lanean oinarritutako erakusleihoak diseinatuko dituzte.
“Aste hauetan, Eguberri hauek jai ahaztezin bihurtzeko ekintzak aurkezten ari gara xehetasunez. Kanpaina bat azkentzen ari gara, eta aurten inoiz baino gehiago egingo dugu gure herriko merkataritza dinamizatzeko. Hori dela eta, erakusleihoak beste era batera aurkeztu nahi ditugu, arreta erakartzeko eta herritarrek gure denden aldeko apustua egin dezaten Eguberrietako erosketak egiterakoan”, esan du Junkal Eizagirre ordezkariak gaurko aurkezpenean.
Honako dendek parte hartuko dute kanpainan: Ttipi store, Muebles Bidasoa, Chocolates Irun, Tartufa, Minka, Federopticos Uranzu, Bost Woman, Pasitos calzado infantil, Ikhor boutique eta Fonseca.