Dupla eta Chica Sobre Salto, Gipuzkoa Gazte Tour saioko kartelburu
Gipuzkoa Gazte Tour programaren Hondarribiko saioa aurkeztu dute gaur goizean; hilaren 27an garatuko dute, goiz eta arratsaldez.
Gipuzkoa Gazte Tour programaren Hondarribiko saioaren berri eman dute gaur goizean Maria Serrano Gazteria zinegotziak eta Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria arloko zuzendari nagusiak. Dupla eta Chica Sobre Salto izango dira kartelburu, eta Julene Iraola hondarribiarrak zabalduko du arratsaldeko musika saioa.
Hilaren 27an finkatu dute Gipuzkoa Gazte Tour programarako hitzordua. Goiz eta arratsaldez garatuko da: goizean, batetik, K-Pop dantza eskola magistrala emango dute Xthex eta Agnes dantzariek, eta arratsaldean, bestalde, musika doinuen txanda izango da. 12 eta 15 urte arteko gaztetxoei zuzenduta dago hitzordua.
Hori horrela, goizeko saioan parte hartu nahi duten lagunek Talaia-Biteri ikastetxeko gimnasioan bertaratu beharko dira hilaren 27an, 11:00etan. Edukiera bete arte sartzeko aukera izango dute interesdunek.
Arratsaldeko kontzertuetarako, aldiz, sarrera eskuratzea ezinbestekoa izango da. Txartelak 3 euroren truke eros daitezke Interneten edo Arma Plaza informazio gunean. Kontzertuak 18:00etan hasiko dira.