Zine Ikusleen Topaketa Ibiltaria ostegunean iritsiko da Hondarribira
'Non dago zinea? Aretoaren arkitektura eta bere audientziak' izenpeko solasaldia eskainiko dute Kultur Etxean, eta ondoren, 'Chavela' film luzea ikusteko aukera izango dute bertaratutakoek.
Zine Ikusleen Topaketa Ibiltariak geldialdia egingo du ostegunean (hilak 18), Hondarribiko Kultur Etxean. Non dago zinea? Aretoaren arkitektura eta bere audientziak izenburupeko hizketaldiaz gain, Chavela film luzea proiektatuko dute. Sarrera doakoa izango da edukiera bete arte. 19:00etan finkatu dute topaketarako hitzordua.
Ekain Olaizola arkitektoa eta proiektuaren bultzatzaileak, Irene Intxausti komunikazioan adituak, eta Leire Apellaniz ekoizle eta zinemagileak parte hartuko dute solasaldian, eta Maria Jose Noain historialari, arkeologo, antropologo eta kultur kudeatzaileak gidatuko du saioa.
Chavela filmak, bere aldetik, Chavela Vargas abeslari ospetsuaren ibilbidea eta borroka errepasatuko ditu.