Udalak eta elkarte feministek programa zabala prestatu dute A25erako
Larunbatetik hilaren 28ra bitarte jarduera ugari antolatu ditu Berdintasun sailak Bidasoaldeko Elkarte Feministarekin, Gaurko Andreak Berdintasunaren Aldeko Elkartearekin eta Parean Elkartearekin elkarlanean.
Irungo Udalak ere bat egin du Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Egunarekin (hilaren 25ean da, osteguna), eta askotariko jarduerak antolatu ditu datozen egunetarako. Hiriko emakumeen elkarteekin elkarlanean atondu dute programa, zehazki, Bidasoaldeko Elkarte Feministarekin, Gaurko Andreak Berdintasunaren Aldeko Elkartearekin eta Parean Elkartearekin.
Hilaren 25ean, 12:00etan, San Juan plazan ohiko elkarretaratzea egingo dute. Udaletxean aldiz, puntu morea jarriko dute.
Ondorengoa da programazio osoa:
- Hilak 20 (larunbata): 11:0etan, mahai ingurua egingo du Bidasoaldeko Elkarte Feministak, Ez nazazu asko maitatu, maitatu hobeto izenburupean Palmera Monteron, Rebeca Leston eta Raquel Calvoren eskutik.
- Hilak 25 (osteguna): Elkarretaratzea San Juan plazan. Bestalde, Asun Casasola ipuin lehiaketaren VII Edizioari hasiera emango diote.
- Hilak 26 (ostirala): Gaurko Andreak elkarteak antolatuta, Genero indarkeria adinekoen eta gazteen artean izeneko hitzaldia eskainiko du Inma Matak Nagusi kaleko 11. zenbakiko lokalean.
- Hilak 27 (larunbata): 18:00etan, Irun beldur barik 2021 ikuskizuna, Ficoban.
- Hilak 28ra bitarte (igandea): Genero indarkeriaren kontrako sentsibilizazio kanpaina.
Bestalde, sexualitateaz ere ariko dira hiriko auzo elkarteetan, saio ugari antolatu dituzte. Hilaren 4,5 eta 8an Anakan egingo dute; hilaren 10, 17 eta 24an Palmera Monteron; hilaren 13, 20 eta 27an San Miguelen; hilaren 15, 22 eta 26an Belaskoenean eta hilaren 12, 19 eta 27an Behobian.
Osagarri modura, aurten indarkeria matxistaren inguruan sentsibilizatzeko kanpaina bat egingo du udalak, Kontrolatzea ez da maitatzea lemapean.