Lastaola Postetxen aurreikusitako etxebizitzen kopurua erdira murriztea proposatu du EAJk
Lastaola Postetxe eremuaren mendebaldean, etxebizitzak eraiki beharrean, berdegune bat ezartzea proposatu dute. Eremuak "paisai aldetik, historikoki eta kulturalki balio handia" duela diote.
Irungo Udalak Mendipen eta Lastaola Postetxean 300 etxebizitza inguru egiteko asmoa du, eremu bakoitzeko 150 zehazki. Proposamen horren aurka, jeltzaleek berri bat egin diote udal gobernuari. Mendipen aurreikusitakoak begi onez ikusi dituzte, baina ez aldiz Lastaola Postetxekoak. Azken honetan etxebizitzen kopurua erdira murriztea proposatu berri dute.
Bi esparruek bi ezberdintasun nagusi dituztela esan dute lehenik jeltzaleek. Batetik, Mendipek jabetza pribatuaren presentzia duela diote, eta Lastaola Postetxeak aldiz jabetza publikoaren presentzia handia duela. Gainera, Mendiperen plangintza berezia onartuta dagoela gogoratu dute, Lastaolako plana oraindik onartzeko prozesuan dagoen bitartean. “Bi desberdintasun hauek erabakigarriak dira gure proposamena egiterako orduan”.
Lastaola Postetxearen kasuan “eremuaren antolamenduak eskaintzen dituen indarguneak eta aukerak aprobetxatu behar direla” esan dute. Besteak beste, eremua Bidasoa ibaiaren, San Martzial mendiaren eta Aiako Harria parke naturalaren arteko indargetze eremua dela, uholdeak kontrolpean izateko kontuan hartu behar dela ia Bidasoa ibaiaren maila berean dagoela, eremuaren mendebaldeko zatiak “paisai aldetik balio handia” duela eta zati horrek gainera “balio historiko eta kulturala” ere baduela nabarmendu dute.
Horregatik plangintza bereziak ingurumenarekiko zenbait faktore kontuan hartzen ez dituela erantsi dute. Horregatik Lastaola Postetxe eremuaren mendebaldean, etxebizitzak eraiki beharrean, berdegune bat ezartzea proposatu dute. “Honen ondorioz etxebizitza kopurura erdira murriztu beharko litzateke, gutxi gorabehera, 150 izatetik 75 izatera igaroz”. Proposamen hori aintzat hartzeko eskatu diote Josu Igiñiz eta Xabier Iridoyk, gaur batzokian eskaini duten agerraldian.
“Irungo EAJn Bidasoa ibaia gure hirian integratzearen eta ibai ertzeko eremu naturalak berreskuratzearen aldeko apustua egiten dugu. Ingurumen-balio handia duten eremuak berreskuratzea eta Irungo auzoetan integratzea funtsezkoa iruditzen zaigu, hiritarrak erabiltzeko eta gozatzeko eremuak indarberrituz, Behobiatik Plaiaundira arte”, esan dute amaitzeko.