"Haurren aurkako abusuen arazoa oroitu eta jorratzeko" adierazpen bat egiteko eskatu du Elkarrekin Podemos-IUk
"Prebentzio programen hedapenean premiaz esku hartzeko" asmoz egin dute eskaera. Bozeramaileen Batzordean aztertzea nahi dute.
Haurren sexu abusuaren prebentziorako nazioarteko egunarekin (hilak 19) eta Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunarekin (hilak 20) bat eginez, Irungo Elkarrekin Podemos-IU taldeak adierazpen instituzional bat egiteko eskatu berri du, “haurren aurkako abusuen arazoa oroitzeko eta jorratzeko, eta prebentzio programen hedapenean premiaz esku hartzeko” asmoz. Bozeramaileen Batzordera eraman eta bertan aztertzea nahi dute, gainerako taldeekin adierazpen adostu bat kaleratzeko. “Bi gaiak merezi duten garrantziarekin” landu behar direla uste dute koalizioko kideek.
Bestalde, Bozeramailean Batzordean eskatu berri dute interes publikoko proiektuen deklarazioa eztabaidatzeko. PSE-EE eta EAJ taldeek aurkeztutako zuzenketa baten ondorioz, ingurumen hobekuntzak dituen edozein proiektuk “erabateko hierarkia” izango lukete haien ustez, eta egungo lurralde antolamenduko tresnak saihestuko lituzke. Finean, udalek eskumen garrantzitsuak galduko lituzketela erantsi dute, eta hori “oso arriskutsua” dela esan dute. “Aldaketa horren aurka gaudela jasotzen duen adierazpen instituzional bat ere proposatzen dugu”.