Bertako taldeen jaialdia jasoko du Ficobak abenduaren 17 eta 18an
Irungo La Bona Dena, Malforta, Slimfit eta Kulto Kultibo taldeak Zetak-ekin batera ariko dira. Osasun egoera mantentzen bada, ikusleak zutik egoteko aukera izango dutela aurreratu du udalak.
Bertako taldeek agertoki paregabea izango dute abenduaren 17 eta 18an, Izan ere, orduan zuzeneko jaialdi bat jasoko du Ficoba erakustazokak. Zetak izango da kartelaren buru, baina Irungo talde ugari ere igoko dira oholtzara. Haiekin batera, La Bona Dea, Malforta, Slimfit eta Kulto Kultibo ariko dira.
“Bertako taldeek bertako taldeentzat egindako jaialdi bat da, une zailetan gauden honetan Irun Aurrera planaren barruan Kultura km 0 ekimenetik kulturari babesa emateko sortua, eta, gainera, Gazteriarekiko elkarlanari esker, maila handiko talde bat izango du buru: Zetak. Irun Zuzenean jaialdiaren ondotik, kalitateko beste proposamen bat, musika zuzenean, Ficoban, beharrezkoak diren neurriak hartu ahal izanda, doan, bertako taldeak eta talentu gaztea direla protagonista” azaldu du Juncal Eizaguirrek.
Bona Dea, Slimfit eta Malforta taldeek irekiko dute jaialdia, ostiralean. Ondoren, Zetak-en txanda izango da. Larunbatean aldiz, Kulto Kultibok eskainiko du saioa.
Osasun egoera mantentzen bada, ikusleak zutik egoteko aukera izango dutela aurreratu du udalak, baina musukoa eraman beharko da uneoro. Ezingo da kontzertu aretoan edan, baina 2. pabiloian barra bat jarriko dute, bertan edan ahal izateko.