Aiton-amonen pasadizoak bildu nahi ditu Betti Gottik, lehiaketa batekin
Eskualdeko herritarrei aiton-amonen istorioak bidaltzeko eskaera egin diete, "gure artean zabaldu eta haien berri izateko" asmoz. Herri bakoitzeko irabazleak 300 euro jasoko ditu.
Betti Gotti elkarteak lehiaketa berezi bat antolatu du. Bidasoko aiton-amonen edota senitartekoen pasadizoak bildu nahi dituzte, “gure artean zabaldu eta haien berri izateko”. Kontu kontari izena jarri diote lehiaketari, eta dagoeneko lanak bidali daitezkeela jakinarazi dute.
“Eguberriak hurbil ditugula eta mahai inguruan sortutako istorioak oso gustuko ditugu. Gure istorio guztiak jada hamaika aldiz adituak eta kontatuak ditugu. Horregatik, zure aiton-amonen edota senitartekoen pasadizoak jakin nahi ditugu”.
Parte hartzeko 15 urte baino gehiago beharko dira, eta Hondarribian edo Irunen jaitakoek ahalko dituzte lanak bidali. Lana euskaraz entregatu beharko da, eta guztira bi orri bete beharko ditu gehienez. Orri gehigarri batean istorioaren azalpenak eta datu pertsonalak ere eman beharko dira. Hilaren 30a izango da entregetarako azken eguna. Amaitzeko, lana korreoz bidali beharko da, PDF formatuan.
Lanak baloratzerako orduan euskararen erabilera aberatsa kontuan hartuko da, baita ere tokian tokiko euskalkia izatea. Zentzu horretan, bertako espresioa nahiz esamoldeak erabiltzea baloratuko dute, eta nola ez, istorioa eskualdean pasa izana kontuan hartuko dute.
Herri bakoitzeko irabazle bana aukeratuko dute, eta biek 300 euroko saria jasoko dute.