Irungo erdigunea lasterkariz beteko da hilaren 21ean
Osasun Miliak lasterketa antolatu du hurrengo iganderako BATek. Askotariko probak antolatu dituzte, adin tarte guztiei begirakoak.
Aurten bai, hilaren 21ean (igandea da) Irungo erdigunea korrikalariek hartuko dute, bi urteko hutsunearen ostean Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) Osasun Milia lasterketa antolatu baitu. “Ez da soilik kirol proba bat, gehiago da, goiz osoko ekitaldi bat izango da, oso soziala”, diote klubetik. Izan ere, adin tarte guztiek izango dute euren neurrira egokitutako lasterketaren bat, haur, guraso zein adinekoek running-aren munduaz gozatu dezaten.
10:00etan hasiko da korrikaren festa, ohiko tipi-tapa paseoarekin. Honetan hiriko adinekoek parte hartuko dute. Ondoren, 10:45an, erreleboen lasterketa hasiko dute, hiriko talde eta ikasleei begirakoa izango dena. 11:30ean aldiz, handbike eta gurpildun aulkien txanda izango da, eta ondoren, milia erdiko lasterketa egingo dut aniztasun funtzionala duten herritarrekin. Eguerdian, 12:00etan, bikoteen lasterketa egingo dute lasterkariek, hiru miliako proba izango da. Eta eguna amaitzeko, 12:45an hain zuzen, Minbiziaren Kontrako Gipuzkoako Elkartearen aldeko lasterketa solidarioa egingo dute haur zein gurasoek.
Proba guztietan izena emateko aukera zabaldu du jada BATek, lotura honetan.