Gabonetako argi gehiago, "aurtengo Eguberriak ahaztezinak izan daitezen"
Iazko aurrekontuaren ia bikoitza erabiliko dute aurtengo kanpainan. Hiriko auzo eta bazter guztietara iritsi nahi dute.
Irungo Udala dagoeneko aurtengo Gabonei begira jarri da. Aurten hiriak “argiztapen berezia” izango duela aurreratu dute Monica Martinez eta Junkal Eizagirre ordezkariek, “aurtengo Eguberriak ahaztezinak izan daitezen”.
Horregatik proiektu berri bat prestatu dute atal hori indartzeko asmoz. Hiriko auzo eta bazter guztietara iritsi nahi dute, udalaren asmoa da biribilguneak, plazak eta kaleak kolore eta argiz betetzea.
Argiztapenerako aurtengo aurrekontua 127.245 eurokoa izango dela aurreratu dute, iaz baino %40 gehiago. Hala, argi gehiago jarriko dituzte merkataritza guneetan eta Gabonetarako antolatutako ekitaldiak jasotzen dituzten guneetan.
“Iaz Zabaltza plazako azokako argiztapenak oso sentsazio onak eragin zituen, eta, horregatik, atal hori indartzen jarraitu nahi dugu, merkataritza-gune horiek dinamizatzen laguntzeko, horretarako oso
kanpaina indartsu bat eginez. Eta laster hasiko gara hori guztia hirian nabaritzen”, esan du Eizagirrek.
Abenduaren 3an piztuko dituzte Gabonetako argiak, eta urtarrilaren 6ra bitarte iraungo dute. Orotara 310 elementu jarriko dituzte, 191 faroletan, 6 arkutan eta 24 toki berezitan banatuta. Pinu erraldoi bat ere jarriko dute, eta hiriko gune askotatik pasako da.