[Erreportajea] Aske hegan egingo duten tximeleta moreak bildu nahi dituzte
Tximeleten Taupada proiektuarekin bat eginez, emakumeen aurkako indarkeriaren eta biolentzia bikarioaren ikur diren tximeleta moreak sortzera deitu dute Emekik eta Zuloaga Etxeak.
Hegan egin nahi eta ezin duten emakumeak eta haurrak gogoan izango dituzte beste urte batez azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean. Horretarako, helburu argi batekin Tximeleten Taupada proiektuarekin bat egingo dute Emeki emakumeen elkarteak eta Zuloaga Etxea udal liburutegiak: non-nahi, aske, nahieran, hegan egingo duten ehunka tximeleta more sortzea.
Mirabal ahizpen hilketaren ondorioz erabaki zen azaroaren 25a indarkeria matxistaren aurkako egun izendatzea. Patria, Minerva eta Maria Teresa Mirabal –Tximeletak ezizenez ezagunak erresistentzia osatzen zutenen artean– Trujillo diktadorearen aginduz erail zituzten 1960. urteko azaroaren 25ean. Dominikar Errepublikako erregimen totalitarioari aurka egiteagatik hil zituzten; Maria Teresa eta Minerva Mirabalen kasuan, hainbat atxiloketa, tortura eta bortxaketa saio pairatu ondoren.
Erailketaren data aintzat hartuz, Latinoamerikako mugimendu feministak 1981eko azaroaren 25ean ekin zion Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna aldarrikatzeari. Ia bi hamarkada geroago, 1999ko abenduaren 17an, Nazio Batuen Erakundeak aldarrikapena propio egitea erabaki zuen.
Askatasunean hegan egin dezaten
Tximeleten Taupada gizarte eta hezkuntza egitasmoa 2018ko irailean sortu zuten Itziar Pratsek eta Isabel Gallardok. Pratsen bikotekide ohiak haien alabak erail ondoren indarkeria matxista eta bikarioaren inguruan kontzientziatzeko abiatu zuten proiektua. Mirabal ahizpek indarkeriaren ikur bihurtutako tximeletak hedatzen hasi ziren proiektua garatzearekin batera.
Egitasmoarekin bat egiteko helburuarekin, Emekiko josketa ikastaroetan parte hartzen duten kideek tximeleta moreak ehunduko dituzte, eta eskari hori bera luzatu diete herritarrei: «Josten ez dakitenek kartulinazkoak-edo egin ditzakete», adierazi du Maria Jesus Berrotaran Emekiko kideak, «moreak behar dute, eta Emekiko lokala horiekin apaintzea da helburua». Tamara Sastre Emekiko idazkariak, bere aldetik, proiektua sozializatzen lagundu nahi dutela adierazi du, eta liburutegiarekin sortutako elkarlanarekin kontent agertu da. Izan ere, liburutegiak ere «hari horretatik» tira egingo du.
Xakearen hilabetearen erdian tximeletei heltzea erabaki zutela azaldu du Nekane Barandiaran liburutegiko langileak: «Hainbat liburutegik bat egin behar zuten, eta gu ere horretan koka gintezkeela pentsatu genuen. Emekikoekin elkarlanean ari garenez, eta beraiek ere animatu direnez, esan genien tximeletak egiteko eta guk liburutegian txertatuko genituela». Elkarlanak, gainera, liburutegia kalera ateratzeko aukera eman die hainbat liburu eraman baitituzte Emekiren egoitzara. «Ez soilik indarkeria matxistaren ingurukoak, feminismora eta bestelako gaietara ireki nahi izan dugu aukera», erantsi du.
Hori horrela, A25era begira motorrak berotzen hasi dira eragile ezberdinak. Datorren astean hitzordu gehiagoren berri emango du HITZA-k. Momentuz, tximeletak jasoko dituzte Emekiren egoitzan astelehenetik ostiralera. Ordutegi zehatzak bidasoa.hitza.eus-en.