Ermita kalea berrurbanizatzeko hartutako konpromisoa betetzeko eskatu du EAJk
Udal gobernuari uztailean hartutako konpromisoa betetzeko eskatu diote, "hiriak aurrera egin dezan, Irunek baliabide guztiak inbertitu behar baititu hiriaren hobekuntzarako".
Irungo Ermita kalea berrurbanizatzeko hartutako konpromisoa betetzeko eskatu berri dio EAJ taldeak udal gobernuari. Jeltzaleek gogoratu dutenez, uztaileko osoko bilkuran proiektuaren aurka agertu zen udal gobernua, baina 375.000 euroko zuzenketarekin ados zegoela adierazi zuen orduan (urriaren amaieran edo azaroaren hasieran izango zen kreditu aldaketan). Ordutik aurrera pausorik ez ematea leporatu diote udal gobernuari.
Gaineratu dutenez, 2021n zuen zorra murrizteko 2,5 milioi euro bideratzea erabaki zuen udal gobernuak. Eta jeltzaleen ustez, “urte honetan Irunek ez lituzke dituen baliabideak zorpetzea jaisteko erabili beharko”. Baliabide guztiak “hiriaren hobekuntzan inbertitzeko eta hiriak aurrera egiteko unea” dela uste dute.
“Ez dugu zorpetzea handitzearen alde egiten, baizik eta 2021ean zorpetzea ez murriztea eta baliabide horiek hiriak behar dituen proiektuetara bideratzea planteatzen dugu. Horregatik, Gobernuari Ermita kalea berrurbanizatzeko osoko bilkurako konpromisoa bete dezala eskatzen diogu”, erantsi dute jeltzaleek.