Bilboko manifestaziora deitu ditu bidasoarrak EH Bilduk
Hilaren 20ko manifestaziora joateko autobusak antolatu dituzte. "Gure sendotasuna erakusteko garaia da. Bilboko kaleak betetzeko garaia da".

Hilaren 20an (larunbata da) EH Bilduk herritarrez bete nahi ditu Bilboko kaleak, Libre eta berdinen Euskal Herria lortu arte lelopean manifestazioa egingo baitute. 17:30ean aterako dira manifestariak, La Casillatik hain zuzen.
Bada, Irun eta Hondarribiko EH Bilduk ere bertaratzeko gonbita luzatu berri diete eskualdeko herritarrei. “Azaroaren 20an euskal independentistok hitzordu garrantzitsua dugu Bilboko kaleetan. Ez da edozein data, ezta edozein mobilizazio. Helburu politiko argia duen ekimen politikoa da: estrategia independentistak bere gaitasun mobilizatzailea berreskuratzea, eta jarduera instituzionalaren gehigarri bilakatzea”, esan dute koalizio subiranistako kideek.
Materia sozialeko akordioak betetzeko, ohiko izaerako espetxe politika areagotzeko edota Euskal Herriak nazio eskubideen arloan aurrerapauso kualitatiboak emateko benetako pultsu bat garatzeko lan instituzionala beharrezko dela gaineratu dute. “Instituzioetan adostu ditzakegun akordioekin soilik ez dugu lortuko”. Horrez gain, kaleak hartzea, “herritarrek okupatzea” ere funtsezkotzat jo dute.
Hilaren 20koa, antolatzaileen arabera, “ez da manifestazio bat gehiago izango”. “A20a Franco hil zen eguna izan zen, baina gaur egun, frankismoa eroso ikusten dugu Estatuaren botere organoetan ezarrita. Santi eta Josu ere hil zituzten Estatuaren terrorismoaren bidez, egun oraindik aitortu ez duten estatu terrorismo bera. Horregatik, Bilbokoa ere memoria eta iragana izango da. Etorkizunaren alde borroka egitea, memoria ariketarik sendoena delako”.
Manifestazioa “konpromiso indibidual eta kolektiboen ariketa bat” izango dela nabarmendu du Irungo EH Bilduk, konpromiso horri esker “honaino heldu garela” diote, eta horrela jarraituko dutela “aske eta berdinen arteko Euskal Herria lortu arte. Gure sendotasuna erakusteko garaia da. Bilboko kaleak betetzeko garaia da”, erantsi dute.
Mobilizaziora joateko autobusa antolatu dute, 15:15an irtengo da Hondarribitik (Miramar), 15:30ean Irungo erdigunetik (Bisera) eta 15:40an Landetxatik. Izena emateko helbide honetara idatzi beharko da, geltokia adieraziz.