Operazio gelen itxieraren aurkako mobilizazioei ekin die Abotsanitzek
Bidasoa ospitaleko bloke kirurgikoaren behin-behineko itxieraren aurka azaldu da herri batzarra; itxieraren ordez bestelako alternatibak badirela aldarrikatu dute.
Abotsanitz Herri Batzarrak elkarretaratzera deitu du asteburuan. Luzatutako deialdien artean, gaur eguerdian 12:00etatik 14:00etara burutu du lehen mobilizazioa udal taldeak Amuteko zubian. Handitu, berritu, hobetu lelopean, alternatibak aztertzera deitu du alderdiak.
Igor Enparan bozeramaileak azaldu duenez, berria jaso bezain pronto osoko bilkuran mozioa planteatzea erabaki zuten. Horren helburua argi azaldu du hautetsiak: “Osakidetzari informazioa eskatu asmoz sartu genuen mozioa, bai eta ze lan egin nahi dituzten, eta bereziki eskualdeko bizilagunengan zein ondorio edukiko duten argitu diezaguten”.
Mozioak aurrera egin ez, eta beraz, lanketa bati heltzea erabaki zuen Abotsanitzek. “Gaiarekin aurrera jarraitzeko beharra daukagula uste dugu”, jarraitu du Enparanek. Ildo horretan, informazio bilketan aurrera egin ahala alternatibak badaudela ikusi dute alderdikideek, beste herri batzuetan aukera ezberdinak jorratu baitituzte: “Eskatzen duguna da bloke kirurgikoa bai, baina horrek ez dezala ekarri ia 100.000 biztanleri zerbitzua ematen dion blokearen itxiera hemezortzi hilabetean zehar”.
Protesta, kalera
Mozioak Hondarribiko Udalean biderik ez duela izan kontuan hartuta, protesta kalera ateratzea erabaki du Abotsanitzek. Hortaz, asteburu honetan zehar elkarretaratzeak egingo dituzte: gaur, Amuteko zubian 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; bihar, Eroskiko biribilgunean 12:00etatik 14:00etara; eta etzi, Behobia-Donostia lasterketa baliatuta Gaintxurizketako igoeraren azken kurban, 10:00etatik aurrera korrikalari guztiak igaro arte.
Alternatibak herritarrekin batera planteatzeko eta erabakiak hartzeko eskaria luzatu du Abotsanitzek. Izan ere, aukera “hobeagoak” daudela sinetsita agertu da Enparan, eta erantsi duenez, herritarrak ondorioen inguruan ohartaraztea ere ezinbestekoa da. Hori dela eta, Hondarribiko, Irungo eta Bortzirietako udaletan gaia eztabaidatzera deitu du alderdiak.
Zentzu horretan, mahai sektorialaren ezohiko bileraren berri eduki ez arren, Bidasoa ospitaleko zenbait langilerekin batera lanketa bat aurrera eramaten ari direla ezagutarazi du bozeramaileak: “Hasierako oinarri batzuk daude plataforma bat sortzeko, non gizarte eragile ezberdinak parte hartzeko asmoa dagoen. Deialdia ospitaleko langileek luzatu dute, eta Abotsanitzek eragile bezala plataforma horretan parte hartzeko asmoa dauka. Gonbidatu nahiko genituzke herri eragile guztiak horretan parte hartzera, informazioa izateko, eta bereziki, aurrera begirakoan ez gaitzaten harrapatu inolako informaziorik gabe eta zerbitzua itxita”.
Plataformaren sorrera hastapenetan dagoen arren, indar metaketa egon dadin, eta egoeraren ezagutza izateko garrantzitsutzat jo du hautetsiak. Gainera, profesionalen iritzia jaso gabe aurrera egitea deitoratu du: “Guk herritar bezala zein eragin sufrituko dugun jakingo dugu, baina osasun langileek jakingo dute alternatiba tekniko onenak zeintzuk izango diren”.