'Los reinos del ajedrez' aurkeztuko du Rafael Nuñezek, etzi
Xakea ardatz duen komikia da 'Los reinos del ajedrez'; ostiralean egingo du aurkezpena Nuñezek, Zuloaga Etxea udal liburutegian.
Rafael Nuñez xakelariak Los reinos del ajedrez izenburupeko lana aurkeztuko du etzi Hondarribiko Zuloaga Etxean, 17:00etan. Marlaxka Xake Elkartearen eta Zuloaga Etxea udal liburutegiaren arteko elkarlanaren emaitza da aurkezpena.
Pontevedrako (Galizia) Clube Xadrez Marin taldeko xakelaria da Nuñez, eta iazko itxialdian otu zitzaion Aitor Bidaurreta ilustratzaile bilbotarrarekin batera xake komikia ekoizteko ideia. Horri ekitea erabaki zuten, eta orain aurkeztu behar duen lana da horren ondorioa.
«Ikusiz eta jolastuz gozatzen duen xake zale ororentzat da komikia», azaldu dute antolatzaileek, «ez dago jolasten irakasteko diseinatua, partida errealetan bizitako abenturak erakusten dituela baizik».
Proiektua pertsonala eta independentea da, eta helburu bakarra duela zehaztu dute: «Zerbait dibertigarria sortzea eta milaka urte dituen joko hau aldarrikatzen laguntzea».