Bloke kirurgikoa birmoldatzeko proiekturen gaineko argibideak eskatu ditu Elkarrekin Podemos-IUk
Zenbait galdera erregistratu dituzte Eusko Legebiltzarrean, "Bidasoko Ospitaleko kirurgia jarduera Donostiako Onkologikora eramateari buruz kezkatzen gaituzten hainbat gai argitu ahal izateko".
Bidasoa Ospitaleko ebakuntza gelak eta erreanimazio unitateak hemezortzi hilabetez itxiko dituztela jakinarazi zutenetik, gaiak hautsak harrotu ditu eskualdean. Kezka azaldu duen alderdi politikoetako bat izan da Elkarrekin Podemos-IU taldea. Urria amaieran mozio bat erregistratu zuten, ospitalearen “egoera argitzeko” asmoz. Orain ordea, zenbait galdera erregistratu dituzte Eusko Legebiltzarrean, “Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoa birmoldatzeko proiektuari buruzko argibideak eskatzeko”.
“Bidasoako eskualdeko kolektibo, elkarte eta bizilagunek gero eta kezka handiagoa dute Bidasoako Ospitaleko kirurgia blokea birmoldatzeko proiektuaren inguruan, eta Elkarrekin Podemos-IU taldeak egindako ekintzen ildotik, oraingo honetan hainbat galdera egin dizkiogu Eusko Jaurlaritzari, idatziz erantzun diezaion, kirurgia jarduera Donostiako Onkologikora eramateari buruz kezkatzen gaituzten hainbat gai argitu ahal izateko”, esan dute taldekoek hedabideei bidalitako ohar batean.
David Soto legebiltzar taldeko kideak aurkeztu ditu galdera horiek, eta hauen helburua “ospitaleko langileei eta pazienteei eragin diezaieketen egoera eta arazo larriak argitzea”, taldearen arabera, osasun zerbitzuaren kalitatea “aldi luze batean murriztu baitaiteke”. Jarduera kirurgikoa Onkologikora eramateko jarraitutako irizpideak argitzeko eskatu dute, baita ere jakitea proiektua abian jartzea behin betikoa den ala ez.
Horrez gain, kezka adierazi du taldeak, Onkologikoko zerbitzu medikuei proiektuaren berri “behar bezala” eman zaien ala ez jakin nahi dute, eta eskualdean orain arte eskainitako zerbitzuak eskainiko dituen eraikin erantsi baten eraikuntza baloratzen den ere jakin nahi dute. Finean, “ahalik eta argien erantzun beharreko galdera sorta bat” eraman du legebiltzarrera, “oso larriak izan daitezkeen egoerei egin behar baitiegu aurre, eskualdeko pazienteek jasan ditzaketen ondorioei”.
“Elkarrekin Podemos-IUk lanean jarraituko du proiektu hau egiteak sortzen dituen zalantzak lehenbailehen argitu daitezen, eta proiektu hau abian jartzeak ez dezan eraginik izan Bidasoako 100.000 biztanleek gaur egun jasotzen duten asistentzia kalitatean”, erantsi dute azkenik.