Bloke kirurgikoaren itxieraren aurka elkarretaratzera deitu du Abotsanitzek
Ostiralean, larunbatean eta igandean egingo ditu kontzentrazioak Abotsanitzen udal taldeak, eta horietan parte hartzera deitu ditu herritarrak.
Bidasoa ospitaleko bloke kirurgikoaren itxieraren aurka mobilizatuko da Abotsanitz Herri Batzarra. Hala jakinarazi du udal taldeak komunikabideetara igorritako oharrean, eta ostiral, larunbat eta igandean elkarretaratzeak egingo dituela gaineratu du.
Eraberritze lanak direla eta, Osakidetzak ebakuntza gelen hemezortzi hilabeteko itxiera aurreikusi du. Hala ere, planteamenduak ezinegona eragin du osasun arloko langileen, Bidasoko zein Bortzirietako herritarren, eta bi udaletako hainbat alderdiren artean. Abotsanitzek osasun langileen ikuspegiarekin bat egiten duela argudiatu du udal taldeak, eta ondoko eskaera luzatu dio Osasun Sailari: «Bloke kirurgiko berrirako ospitalea handitu dezala, hiru hamarkada eta gero badelako horretarako garaia. Hala, obrak egiten diren bitartean, egungo ebakuntza gelak ez lirateke itxi beharko, eta erietxeak eremu berri bat irabaziko luke operazio gelak bloke berrira pasatzerakoan».
Hori horrela, erabakiaren aurka mobilizatzea erabaki du Abotsanitzek: ostiralean, Amuteko zubian elkarretaratuko dira 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; larunbatean, Eroskiko biribilgunean 12:00etatik 14:00etara; eta igandean, Behobia-Donostia lasterketa baliatuta Gaintxurizketako igoeraren azken kurban, 10:00etatik aurrera korrikalari guztiak igaro arte.