Portua proiektua aztertzeko bilkuraren balorazio «positiboa» egin du udalak
Mugikortasun Mahaiaren bilkura «positibotzat» jo du udalak, eta datozen asteetan berriz ere bilduko direla iragarri du.
Hondarribiko Udalak «positiboki» baloratu du Mugikortasun Mahaiaren azken bilkura. Portua egitasmoa aztertzeko bildu zen hilaren 3an Itsas Etxea Auditoriumean, eta ehun bat lagunen parte hartzea izan zuen batzarrak.
Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak adierazitakoaren arabera, talde teknikoarekin batera Portua proiektuaren inguruko «xehetasun guztiak» eman zituzten bilkuran. Ondoren, galderen txanda iritsi zen, eta azkenik, «irizpide» ezberdinak planteatu zituzten.
Portu auzorako aurreikusitako plana aztertzen jarraitzeko datozen asteetan berriro biltzeko deia luzatuko duela iragarri du Silanesek.