"Gizarte Segurantzaren Sistemari beharrezko baliabideak eman behar zaizkio"
Hamarka lagun bildu ditu gaur Bat Etorri kolektiboak, pentsio duinen aldeko mobilizazioa egin baitute Irungo Gizarte Segurantzaren Tokiko Institutu aurrean.
Hamarka lagun bildu dira gaur goizean Irungo Gizarte Segurantzaren Tokiko Institutu aurrean (Junkal kalea, 22), pentsio duinen aldeko aldarrikapena bertara eraman baitu Bat Etorri kolektiboak. Izan ere, bertan exijitu dute, besteak beste, Gizarte Segurantzaren Sistemari “beharrezko baliabideak eman behar zaizkiola”, finean, “aberastasunaren banaketa bidezkoago eta zuzenago batekin”.
Pentsioen hobekuntza defendatzeaz gainera, genero arrakala murriztea, Etxeko Langileen Erregimena Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean txertatzea eta alarguntza pentsioak hobetzea exijitu dute gaurkoan. “Batasuna berreskuratu behar da, mobilizazioen arrakasta bermatzeko modu bakarra baita”, erantsi dute.
Horregatik mobilizazioekin jarraitzeko asmoa du kolektiboak. “Beharrezkoak diren ekintzak egingo ditugu. Ahalik eta unitate handienarekin egiten saiatuko gara. Pentsio publiko duinen alde borrokatzen den pentsiodunen kolektibo bat garela kontuan hartuta, eta gure esku-hartze eremua zein den badakigula”, erantsi dute.
Lotura honetan kolektiboaren irakurketa osoa.