Udaltzainen kopurua handitzeko eskatu dio EAJk udal gobernuari
"Azken hilabeteetan Irunen izan diren delituen gorakadari erantzun sendo eta eraginkor bat" eman behar zaiola uste dute jeltzaleek. Herritarren segurtasunerako batzorde iraunkor bat ere sortzea proposatu dute.
Irungo EAJ taldea “azken hilabeteetan Irunen izan diren delituen gorakadarekin” kezkati agertu da, eta egoerari “erantzun sendo eta eraginkorra bat” emateko eskaera egin diote udal gobernuari, “epe laburrean irtenbide bat emateko eta etorkizunean etor daitezkeen segurtasun arazoak saihesteko” asmoz.
Lehenik eta behin, segurtasun eta bizikidetzako batzorde iraunkor bat sortzea eskatu diote udal gobernuari. Lanerako, bateratzerako eta eztabaidarako organo bat sortzea proposatu dute, eta bertan udaleko hainbat arlotako teknikariak, udaltzainak eta ertzainak egongo lirateke, baita ere gizarte eragile guztien eta talde politiko guztien ordezkariak.
Segurtasun arazoari “ikuspegi ezberdinetatik landu ahal izateko” taldeko kideek hainbat bilera egin dituzte jaurlaritzarekin, Ertzaintzarekin, Udaltzaingoko sindikatuekin, gizarte eragileekin eta auzo elkarteekin. Hauen ostean, agenteen defizita dagoela eta LPZn dauden lanpostu guztiak “estalita” ez daudela egiaztatu dutela erantsi dute. “Horrek esan nahi du, hirian ez dagoela delituei, gatazkei, eta segurtasun arazoei behar duten erantzuna emango dieten agente nahikorik”.
“Kezkaz ikusten ari gara hirian segurtasun ezaren pertzepzioa areagotzen ari dela. Eta uste dugu
segurtasun arazoei erantzun azkarra emateko hartu beharko litzatekeen lehen neurria
Ertzaintzako zein Udaltzaingoko agente kopurua handitzea izango litzatekeela. Horrek, gerora,
zeharkako hainbat neurri ezartzea ahalbidetuko luke, segurtasun gabeziaren egoerari erantzuna
emateko”, esan dute jeltzaleek.
Bestalde, Jose Antonio Santano alkateari irundarren eta polizia sindikatuen eskaerei erantzuteko ere eskatu diote. Horri lotuta, Udaltzaingoaren lanpostuen urte anitzeko planaren inguruko informazioa gainontzeko taldeekin eta gizarte eragileekin elkarbanatzeko eskaera ere egin dute, “ez baitugu komunikabideetan azaldu duen informazioaren berririk izan”.