Pentsio publiko duinak exijitzeko elkarretaratzera deitu ditu irundarrak Bat Etorri kolektiboak
Gipuzkoako hainbat herritan errepikatuko dute biharko mobilizazioa. Batasuna berreskuratu behar dela uste du kolektiboak, "mobilizazioen arrakasta bermatzeko modu bakarra baita" haien ustez.
Bat Etorri kolektiboak pentsio duinen aldeko elkarretaratze batera deitu ditu irundarrak. Bihar (hilak 9) Irungo Gizarte Segurantzaren Tokiko Institutu aurrean (Junkal kalea, 22) biltzeko deia egin dute. 10:30ean hasiko dute mobilizazioa, eta ordu erdi inguruko iraupena izango duela aurreratu dute antolatzaileek.
Gipuzkoako zenbait herritan kontzentrazio berberak errepikatuko dituzte, orain arte egindako aldarrikapen berberekin: pentsioen sistema publikoa defendatzea (elkartasunezko banaketa-sistema gisa), pentsioen erosteko ahalmenari eustea, legez, KPIaren arabera, gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) parekatzea, iraunkortasun faktorea behin betiko indargabetzea eta pentsioetan genero-arrakala amaitzea.
Gutxieneko pentsioen hobekuntza defendatzea “lehentasunezkotzat” jo dute Bat Etorri-ko kideek, baita ere genero arrakala murriztea, Etxeko Langileen Erregimena Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean txertatzea eta alarguntza pentsioak hobetzea. “Batasuna berreskuratu behar da, mobilizazioen arrakasta bermatzeko modu bakarra baita”, erantsi dute.
Eta batasun hori lortzeko bi aldarrikapen nagusi egingo dituzte biharko mobilizazioetan. Alde batetik, “gutxieneko pentsioak une bakoitzean indarrean dagoen LGSaren parekoak izatea” exijituko dute, eta bestetik, jaurlaritzari ondorengo konpromiso hauek betetze ditzala eskatuko diote:
- Iraunkortasun faktorea eta pentsioen errebalorizazio indizea ezabatzea ( % 0,25).
- Pentsioen erosteko ahalmenari eusten zaiola bermatzea eta gutxieneko eta kotizazio gabeko
pentsioen erosteko ahalmena hobetzea. - Pentsio Sistema Publikoaren iraunkortasuna bermatzea, sistemaren diru-sarrerak egituraz handitzeko neurriak ezarriz.
- Pentsioetan genero arrakala murriztea eta alarguntza pentsioak berrikustea bultzatzea, ezkontza loturarik gabeko bikoteen kasuan tratu berdintasuna bermatuz.
Biharko mobilizaziora deitzeko zabaldu duten oharrean gaineratu dutenez, pentsio publiko duinen etorkizuna bermatzeko Gizarte Segurantzaren Sistema beharrezko baliabideez hornitu behar da haien ustez, Estatuko Aurrekontu Orokorretatik beharrezkoak diren gizarte kotizazioekin eta ekarpenekin. Finean, “sortutako aberastasunaren banaketa bidezkoago eta zuzenago batekin”.