Hiriko ikastetxeetan karpak instalatzen ari da udala
Iaz bezala, COVID-19aren eraginez, estalpeak instalatzen hasi da udala, "ikasleek dagozkion segurtasun eta urruntze neurriak beteta eta burbuila taldeak errespetatuta gozatu ahal izateko patioez".
Iaz bezalaxe, COVID-19aren pandemiaren eraginez, hiriko ikastetxeetan karpak instalatzen hasi da udala, ikastetxeen eskariz, “ikasleek dagozkion segurtasun eta urruntze neurriak beteta eta burbuila taldeak errespetatuta gozatu ahal izateko patioez”.
Santi Jimenez ordezkariak gaineratu duenez, urruntze eta segurtasun neurriak betetzeaz gainera, “eskolaz gozatzeko gune berriak” izango dituzte ikastetxeek.
Ondorengo ikastetxeetan ari dira karpa horiek jartzen: Belaskoenean (HHko eraikinean), Dunboan (LHko eraikinean), Elatzetan (HHko eraikinean), Toki Alain (LHko eraikinean), Eguzkitzan eta
Txingudi Ikastolan (LHko eraikinean). Lekaenea izango da karparik gabeko bakarra, zuzendaritzaren arabera estalpeko instalazio nahikoak baitituzte.
Instalatzen ari diren karpak iazko mota eta tamaina berekoak izango dira, Eguzkitzako eta Elatzetako patioetakoak izan ezik. Eguzkitzakoa handiagoa izango da eta Elatzetan aldiz, beste toki batean jarriko dute, “ikastetxearen beharretara hobeto egokitzeko”.
Dagoeneko hasi dute lanen kontratazioa, eta orotara 94.724,66 euroko aurrekontua izango dute. Udalak dirua aurreratuko du, karpak lehenbailehen jar daitezen, eta gerora jaurlaritzak iragarritako dirulaguntza deialdian parte hartuko du.
Karpez gain, udalak jakinarazi du garbiketa eta desinfekzio lanak areagotuko dituzte. Egunean behin instalakuntza guztiak garbituko dituzte eta ardura handiagoa behar den guneetan maiztasuna handiagoa izango da.