Europako funtsetara aurkeztutako proiektuak aztertu dituzte
Javier Hurtado sailburuak bilera egin du gaur alkatearekin, turismoarekin eta merkataritzarekin lotutako proiektuak berrikusteko. Ondoren, Oiasso eta Irugurutzeta bisitatu dituzte.
Jose Antonio Santano alkateak eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Europako funtsetara turismoarekin eta merkataritzarekin lotuta aurkeztutako proiektuak berrikusi dituzte gaur, eta bide batez, Oiasso museoa eta Irugurutzeta bisitatu dituzte.
Lehenik bilera egin dute, hainbat proiektu aztertzeko. Bertan, merkataritzarekin eta ostalaritzarekin lotutako datuak berrikusi dituzte, eta pandemiak sektoreari nola eragin dion aztertu dute. Aztertutako proiektuen artean merkataritza sektorea biziberritzeko eta digitalizatzeko “asmo handiko plan” batez ere aritu dira. Proiektu honen helburua, udalaren arabera, “hiriko merkataritzaren digitalizazio prozesuari ekitea da, modu integral eta jasangarrian, eta, aldi berean, sektorean etengabe hobetzeko prozesuak egiteko aukera emango diguten tresnak sustatzea”.
Gero, Oiasso Erromatarren Museoa bisitatu dute, instalakuntzak eta termetan egon dira. Hori baita Irunek Europako Next funtsetara aurkeztutako proiektu nagusietako bat. Jasotako diruarekin termak “bisitatu ahal izateko moduan jarri eta horien balioa aitortu” nahi dute, museoa digitalizatzeaz gainera.
Oiasso bisitatu ostean Irugurutzetako meategian izan dira, eta bertan mea kiskaltzeko labeak bisitatu dituzte. Berriki jaso du instalakuntzak Euskadiko industria turismoko ondarearen aitortza. Funts horiek eremua birgaitzeko baliatu nahi ditu udalak.