Jaizkibelgo ehiza postuen inguruko txosten teknikoa osatzeko galdegin du Eguzkik
Hondarribiko, Pasaiako eta Lezoko udalei luzatu die eskaera Eguzkik; ehiza postuak "zabaldu" direla eta horien gaineko kontrol "zorrotzik" ez dagoela uste du talde ekologistak.
Jaizkibelgo ehiza postuen inguruko txostena eskatu die Eguzkik Hondarribiko, Pasaiako eta Lezoko udalei, talde ekologistak ohar baten bidez ezagutarazi duenez. Azken urteotan ehiza postuak “zabaldu” izanaren susmoa agertu du taldeak, eta erantsi duenez, ez du uste horien gaineko kontrola “zorrotza” denik.
Joan den astean belatz handi bat (Falco peregrinus) tiroz hiltzeagatik alarma guztiak piztu ditu Eguzkik. Gertaera medio, ezinbestekotzat jo du egungo egoerak indarrean dagoen araudiarekin bat egiten ote duen argitzea: “Ikusi dugu eskuragarri dagoen bisoreak ez duela asko laguntzen egin behar den kontrolean, edukiak ez baitu egoerarekin bat egiten”. Hala, bisorea ez dagoela eguneratua, eta sarritan, mendiko postuen kokapen zehatza eta bisorearena ez datozela bat argudiatu du talde ekologistak, horiek kontrolatzen dituzten zenbakiak ere “ezberdinak” direlarik.
Hori horrela, biodibertsitatean zein pertsonen segurtasunean izan ditzakeen ondorio “kaltegarriak” direla-eta legea betetzera deitu du mugimenduak: “Legeak dioen bezala, bermatu beharko da baliabide zinegetikoak eta basafaunaren babes iraunkorra“.
Ildo horretan, egoera argitzeko helburuarekin galdegin ditu txosten teknikoak taldeak. Haien ustetan, Ehiza Legearen 27. artikuluak esaten duena “basafaunaren babesari eta pertsonen segurtasunari” eragiten baitie.
Ondokoak dira Eguzkik udalei zein Diputazioari luzatutako eskaerak:
- Aldundiak legezko ehiza postuen kopurua gaur egun zein den, eta lur publiko zein pribatuetan kokatutako postuek legea betetzen ote duten argitzeko txosten teknikoa agintzea.
- Ehiza postuen bisorea eguneratzea.
- Hondarribiko lurretan ehiza postuak jartzeko udalak emandako lizentziak baino postu gehiago ote dauden zehazten duen txosten teknikoa egitea, lursail partikularretan eraiki diren trepak barne.
- Aipatutako bi txosten horietan atzemandako legearen aurkako egoerak zuzentzea indarrean dagoen legedia betetzeko.
- Behar bezalako zaintza egiteko basozain kopurua handitzea.