"Euskararen erabilera handitzeko" asmoz, askotariko jolasak haurrentzat
Haurrak Parkean izeneko egitasmoa abiatu du udalak. Askotariko jolasak antolatu dituzte datozen asteotarako, hiriko parke eta plazetan.
Haurrak Parkean izeneko proiektu bat abiatu berri du udalak, “hiriko parkeetan eta kalean euskararen erabilera handitzeko” asmoz. Haurrei eta haien gurasoei baliabideak emango dizkiete, eta topaguneak sortzea da asmoa. Horretarako hilaren 10etik abenduaren 3ra bitarte, askotariko jolasak antolatuko dituzte hiriko parke eta plazetan, Urtxintxako dinamizatzaileen laguntzarekin.
Saioak asteazkenetan eta ostiraletan izango dira. Bi programa mota eskainiko dituzte. Batetik, Zabu Zibu izenekoa, 3 eta 5 urte arteko haurrei begirakoa (17:00etan hasiko dituzte saioak); bestetik, Txirrintxon izenekoa, 6 eta 10 urte bitartekoentzat (18:00etan hasiko dituzte hauek). Ondorengo guneek jasoko dituzte saioak:
- Hilak 10, 17 eta 24 eta abenduak 1: Nagore Laffage parkean egingo dute, Palmera Monteron (euria ari badu, gune estalian) eta Arbium plazako frontoi estalian.
- Hilak 12, 19 eta 26 eta abenduak 3: Julian Sanchez parkean (euria ari badu, gune estalian), San Juan plazan (euria ari badu, Udaletxeko aterpeetan) eta abenduaren 3koa San Juan plazan egin beharrean, Sarjia parkean izango da.