[Erreportajea] Zainketa aringarriak eta zaintzaileak, erdigunera
Hainbat elkarterekin elkarlana sortuz, gaixo kroniko zein terminalen zainketa aringarriak eta zaintzaileen beharrak asetzea bilatzen du Bidasoa Zurekin elkarteak. Gogoetarako gune bat ere eskaintzen du.
Heriotzaren eta doluaren gainean hausnartzeko, eta horri buruz lasaitasunez aritzeko espazio seguruak eta konfidentzialak eskainiko ditu bigarren urtez Heriotzari Bizia Ematen jaialdiak. Espainiako Estatuan garatzen da programa orokorra hilaren 1etik 7ra, eta horrekin bat eginez egitarau propioak atondu dituzte hainbat elkartek Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Gipuzkoan, bai eta Bidasoan ere. Heriotza jaiotzaren parean jartzea, zainketa aringarriak erdigunean kokatzea, eta gaixo kronikoak zein terminalak zaintzen dituzten pertsonen beharrak azaleratzea da xedea.
Heriotza prozesuetan laguntza emateko jaio da Bidasoa Zurekin elkartea. Bidasoko ESIko Bottom Up 2020-2022 proiektuen barruan eratu da, Osakidetzaren bermearekin sareak ehuntzeko eta espazioak sortzeko, Montse Perez Garcia egitasmoaren arduradunak aste honetan Hondarribiko Kultur Etxean azaldu duenez. Sendagilea da, eta Bidasoko ESIko zainketa aringarriak dira haren espezialitatea. Proiektuaren bultzatzaileetako bat da, eta azaldutakoaren arabera, New Health Foundation erakundeak abiatutako Hiri Errukitsuak proiektua eta Karen Armstrongen Charter For Compassion (Erruki Agiria) dokumentua oinarritzat hartzen ditu egitasmoak. Komunitatean azpimarra jarriz, osasun mental, fisiko eta sozialaren arteko oreka ezinbestekotzat jotzen du mugimenduak.
Sarea ehuntzen
EAEko zenbait elkartek egindako bideari jarraituz, Irungo eta Hondarribiko erakunde eta elkarteek eskainitako baliabideak koordinatu eta baliatu nahi ditu Bidasoa Zurekin elkarteak, gaixo kroniko eta terminalen zein haien zaintzaileen beharrak asetzeko. Alegia, pertsonak erdigunean jarriz sinergiak sortzea da helburua, sendagilearen arabera. Ildo horretan, jakitun da osasun publikoak huts egiten duela zainketa aringarriak behar dituzten gaixoak identifikatzen, eta beraz, baliabideak eskaintzen. Are gehiago: «Patologia kronikoa edo hilzorian dauden gaixoen denboraren soilik %5 ematen dugu haiekin osasun langileok». Bidasoko ESIko zainketa aringarrietako langileek senideei «behar adina» denbora eskaintzeaz «asebeteta» dago aditua, eta beste hainbat ESIrekin alderatuta egoera «hobeagoa» dela bertan onartu du, nahiz eta gaixotasunak irauten duen denboraren %95 familia edo zaintzailea bakarrik egotea deitoratu duen.
Datuei erreparatuta, aringarriak behar dituzten 75 urtetik gorako 95 bat lagun identifikatu ditu Bidasoko ESIak: «Hala ere, parametro ezberdinen bitartez datu horiek estrapolatzerakoan 600era arte igotzen da kopurua. Umeei dagokienez, nik ezagutzen ditudan eta zainketa aringarriak behar dituzten hamalau paziente ditugu, baina bakar batek ez ditu jasotzen pediatra dela, neurologoa dela…».
Egoera iraultzeko helburuarekin, hainbat elkarterekin elkarlanean hasi dira, besteak beste: Nagusilan, Bidasoa Bizirik, Euskadi Lagunkoia Sustraietatik, Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartea… Denen artean zainketa aringarriak bultzatzea egingarritzat jo du sendagileak: «Aste honetan zainketa aringarrietan zegoen gaixo bat zendu da Hondarribian. Hura eta emaztea Osakidetzako psikologoak artatu ditu, baina bi alabak kanpoan bizi dira. Zer egin dugu? Minbiziaren Aurkako Elkartekoekin harremanetan jarri, estatu osoan egoitzak dituztenez arta behar duten lekuan jaso dezaten».
Elkartearen lana hedatzen joateko eta jaialdiaren azken egunekin bat eginez, Hil aurretik nahi dut horma bisita daiteke Hondarribiko Kultur Etxean eta Irungo Palmera-Monteron. Azken horretan heriotza perinatalari buruzko argazki erakusketa ikusgai dago eta horren gaineko Death Cafe bat egingo dute.
Ekitaldietan parte hartu nahi izanez gero, antolatzaileekin harremanetan jar daitezke interesdunak; Irunen, Montse Perez Garciarekin 656 72 15 24 telefono zenbakian, eta Hondarribian, Nerea Amunarrizekin 690 95 05 19 zenbakian. Posta elektroniko bat ere ahalbidetu dute arduradunek. Ordutegiak ondokoak dira:
- Hil aurretik nahi dut… hormak: etzira arte, Irungo Palemera Montero gunean, eta Hondarribiko Kultur Etxean, 12:00etan. Kontaktuak: Nerea Amunarriz Hondarribian (690 95 05 19), eta Montse Perez Garcia Irunen (656 72 15 24).
- Anna Villari egindako elkarrizketaren proiekzioa: gaur, 17:00etan. Izena emateko: Montse Perez Garcia (656 72 15 24).
- Death Cafe: dolu perinatala gaur Irunen, 18:00etan. Izena emateko: Montse Perez Garcia (656 72 15 24).
- Espainia mailako online programa, bertan (gazteleraz).